LABek salatu du Sidenorrek lan baldintzen okertzea ezkutatu nahi duela Talgo baliatuta

Lan hitzarmenaren negoziazioak «oso gogor» doazela esan du sindikatuak, eta kritikatu du altzairutegi taldeak ez duela enpresatik kanpora duen jarrera bera barrura begira.

LAB ordezkariek Basauriko lantegiaren aurrean egin dute agerreraldia gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
LAB ordezkariek Sidenorren Basauriko lantegiaren aurrean egin dute agerreraldia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
aitor biain
2025eko otsailaren 27a
13:15
Entzun

Kanpoan uso, etxean otso: hala jokatzen ari da Sidenor taldea, LABek salatu duenez. Izan ere, sindikatu abertzaleak kritikatu du altzairutegi taldeak bere burua «industriaren salbatzaile» gisa aurkeztu duela baina oinarrian oso bestelako jarrera duela langileekin, ez baititu haien lan baldintzak hobetu nahi.

Lan ituna berritzeko negoziazioak martxan dituzte Azkoitiko (Gipuzkoa), Basauriko (Gipuzkoa), Gasteizko eta Legutioko (Araba) lantegietan. Altzairutegi taldeak aldi horretan burutu du Talgo tren ekoizle erosteko operazioa. Baina sindikatuak iritzi dio zuzendaritzaren jarrera oso bestelakoa izan dela bi kasuetan: «Tamalez, kanpora begira eredugarritzat aurkezten duten horrek asko du hobetzeko barrura begira. Dena du hobetzeko».

Sindikatuaren ustez, Talgo erosteko operazioa «negozioa borobila» izan da Jose Antonio Jainagak zuzentzen duen taldearentzat, euskal industria babesteko aitzakiarekin 45 milioi euro emango dizkiolako Eusko Jaurlaritzak, trukean enpleguaren eta lan baldintzen inguruko inongo bermerik eskatu gabe.

Izan ere, sindikatuak iritzi dio enpresa bat Euskal Herrian errotuta egotea ez dela soilik lantegia Euskal Herrian egotea: «Kontuan hartu beharra dago, aldi berean, bertan lan egiten duten langileak nola tratatzen dituen eta zer baldintzatan egiten duten lan».

Sidenorrek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen fabrikek 2.000 pertsonari baino gehiagori ematen die lana, zuzenean eta zeharka. Bada, LABek ohartarazi du altzairutegi taldeko enpresetan diharduten langileen lan baldintzak «okertzen» ari direla.

Negoziazio «oso gogorrak»

Oraintxe Legutioko eta Azkoitiko lantegietako itunak berritu nahian ari dira, eta LABek esan du negoziazioak «oso gogor» doazela, zuzendaritzak ez dituelako langileen eskakizunak onartu nahi. Sindikatuaren azaldu duenez, zuzendaritzak ez du «inola ere» langileen erosahalmena bermatu nahi; ez du lanaldia murriztu nahi, edo proposatzen duena «ez da nahikoa»; eta, gainera, malgutasun neurriak «are gehiago okertu» nahi ditu.

LABek gogorarazi du altzairutegi taldeak gaitasuna baduela eskari horiei erantzuteko. Besteak beste, azken bi urteetan 25 milioi euro banatu dituelako taldeak dibidenduetan. «Denon artean sortu dugun aberastasuna gutxi batzuen artean banatu nahi dute. Euskal industria babestu nahi bada, langileen lan baldintzak ere babestu behar dira», azpimarratu dute sindikatuko ordezkariek.

CCOO, UGT eta USO sindikatuen jarrera ere kritikatu du LABek; «onura propioak» bilatu nahian aritzea egotzi die. Izan ere, 2021eko abenduan Espainia mailako akordioa egin zuten aurreneko hirurek eta konpainiaren zuzendaritzak, planta guztientzat eta bost urterako. LABek salatu du, ordea, akordio horrek erabat baldintzatzen dituelako handik kanpo dauden lan zentroetako negoziazioak. «CCOO, UGT eta USO sindikatuak ere gure miseriaren erantzule zuzenak dira, eskubide galera horiek guztiak sinatzeko prest agertu dira-eta beti akordio esparruaren barruan zein akordiotik kanpo dauden lan zentroetako negoziazioetan».

«Panpinak bezala»

LABek salatu du itun haren ondorioz beharginek erosahalmena galdu dutela, egutegi aldaketak «sistematikoak bilakatu direla», eta lan erritmoak ere «jasanezinak» bilakatu direla. Horren guztiaren ondorioz, langile askok aldi baterako gaixo baimena hartu behar izan dute, eta horrek nabarmen handitu du gainerakoen lan karga. «Sidenorrek langileak panpinak bezala erabiltzen gaitu, eta gure osasunarekin jokatzen ari da», arbuiatu du sindikatuak.

Nabarmendu du, nolanahi ere, ez dutela amore emango, eta negoziazioari tinko eutsiko diotela, batzuk Sidenor «zuritzeko» ahaleginean ari badira ere. «Aukera ederra dugu hasita dauden negoziazioetan eta hasiko direnetan eragin, egoera irauli eta langileok merezi ditugun lan baldintzak eskuratzeko. Badakigu nor dugun aurrean, baina borrokarako prest gaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.