LABek salatu du Osalanen ikastaroetan jarrera matxistak, arrazistak eta antisindikalak izan direla

Sindikatuko bi delegaturen arabera, azpikontratatutako enpresa bateko irakasleak «bata bestearen atzetik» egin zituen aipu desegokiak. Gertatutakoa estaltzen saiatzea egotzi diote Osalani.

LABen protesta bat Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Gasteizen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
LABen protesta bat Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Gasteizen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko apirilaren 15a
10:20
Entzun 00:00:0000:00:00

«Ez naiz arrazista, baina orain latinoekin okerrago dago kontua». «Matxismoa gizona emakumearen gainetik egotea baldin bada, feminismoa gauza bera da alderantziz». «Langileak tontoak dira». Eta gehiago. LABeko bi delegatuk Osalanek eskaintzen dituen prestakuntza saio batean gertatutakoa salatu dute, non irakasleak aipu matxistak, xenofoboak eta antisindikalak egin zituen «bata bestearen atzetik». Azaroaren 19an izan zen, Basauriko IFAPen (Bizkaia). Ordutik Osalan afera estaltzen saiatu dela gaitzetsi du sindikatuak.

Prestakuntza saioan hemezortzi delegatu zeuden, LABeko bi. Egoeraren aurrean, haietako batek alde egin zuen. Besteak amaierara arte eutsi zion, eta, bukatu bezain pronto, biak sindikatuko arduradunekin harremanetan jarri ziren gertatutakoaren berri emateko. 

Lehen aipatutako iruzkinez gain, kontatu zuten irakasleak erreferentziak egin zizkiela droga kontsumoari eta espetxeetan izaten diren sexu harreman homosexualei, eta emakumeekiko aurreiritziak ere erreproduzitu zituela. Gainera, kurtsoa enpresen ikuspuntutik jorratu zuela adierazi zuten, iritzi politikoak eman zituela, eta ez zuela ia edukirik eman, baizik, horren ordez, bere pasadizo pertsonalak kontatu zituela.

Arazorik izan ez zela zioten inkestak bidali zizkion azpikontratatutako enpresak Osalani, baina delegatuek argi diote: «Ez genuen galdetegirik bete»

Sindikatuak hurrengo egunean egin zion Osalani gertatutakoa ikertzeko eskaria, eta abenduaren erdialdean eraman zuen gaia erakundeko formakuntza batzordera.

Osalanek formakuntza batzordearen hurrengo bileran aurkeztu zituen ustez ikastaroan egin ziren hamazazpi inkestak, otsailaren 14an. Formakuntzaz arduratu zen enpresa azpikontratatuak bidalitako erantzun horien arabera, ez zuten kexarik helarazi delegatuek, eta emaitzak ontzat eman zituen Osalanek. Gainera, sindikatuaren arabera, erakundeko kideek iradoki zuten «agian LABeko ordezkariak beste batzuk baino sentiberagoak izan daitezkeela gai jakin batzuekin». Confebasken  «kritika gogorrak» ere jaso zituen sindikatuak.

Inkesta faltsuak

LABeko delegatuek, ordea, argi zuten inkestan jasotakoa ez zetorrela bat eurek bizitakoarekin, eta ziurtatu zuten ez zutela galdetegirik bete. Beste sindikatu bateko delegatu batekin ere kontrastatu zuten hori, eta ondorioa argia da: «Ez zuten galdetegirik pasatu».

Bi aste geroago, otsailaren 28an, inkesta betetzeko eskaria heldu zitzaien delegatuei posta elektronikora. Hiru hilabete baino gehiago pasatu ziren kurtsoa egin zutenetik, eta agerian geratu zen Osalanek erakutsitako galdetegiak ez zirela benetakoak. «Gainera, telefonoz presio egin zieten bete zezaten, afera partxe horrekin estali nahian». Horren aurrean, LABek salatu egin du Osalanek ordezkari sindikalen hitza aintzat hartu ez izana, eta enpresa pribatu batek egindako dokumentu faltsuei sinesgarritasun handiagoa eman izana.

«Diru publikoa kontrolik gabe banatzen ari dira euren lana ongi egin ez eta gainera dokumentuak faltsutzen dituzten enpresekin»

LAB SINDIKATUA

Antzeko beste salaketa baten berri ere eman du, gainera, sindikatuak: otsailaren hasieran Zornotzako (Bizkaia) Lanpre enpresan formakuntza ikastaro bat hartu zuen delegatu batek jakinarazi du eduki matxistak eta arrazistak zituela ikastaroak.

Erantzukizun politikoak

Enpresetako prebentzio delegatuek, euren jarduera egin ahal izateko, formakuntza ikastaro bat jaso behar izaten dute Osalanen bidez. Zati bat sindikatuek ematen dute, baina atal teknikoa Osalanek azpikontratatzen dituen enpresa pribatuen ardura da, eta zerbitzu hori publifikatu egin beharko litzakeelakoan dago sindikatua. «Osalaneko teknikariek eman beharko lukete formakuntza ikastaro hori, Nafarroan egiten den moduan», galdegin du.

Halaber, salatu egin du Jaurlaritzak lan osasuna kudeatzeko duen modua, eta zuzenean lotu du istripu tasarekin eta laneko gaitzen «indize onargaitzarekin»: «Lan osasunari ez zaio behar duen arreta eta trataera ematen, ezta formakuntzari eta prebentzioari ere».

Gertatutakoak erantzukizun politikoak dituelakoan dago LAB. «Diru publikoa kontrolik gabe banatzen ari dira euren lana ongi egin ez eta gainera dokumentuak faltsutzen dituzten enpresekin, eta, hori gutxi balitz bezala, delegatuen oinarrizko eskubideak zapaltzen dituzte», amaitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.