LABek salatu du Glovok bota egin dituela autonomo izan nahi ez dutenak

Sindikatuek mobilizazioak eta grebak egiteko asmoa azaldu dute enpresek 'rider'-en legearen harira hartu dituzten erabakiak gaitzesteko

June Romatet Ibarguren.
2021eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
LABek iragarri du auzitegietara joko duela, dioenez Glovok kalera bota dituelako harentzat autonomo gisa lan egin nahi ez zuten rider edo janari banatzaileak. Hego Euskal Herrian, ostegunean jarri zen indarrean banatzaile horiek soldatapeko izatera derrigortzen dituen Espainiako araudi berria. Alabaina, sindikatuek salatu dute enpresa batzuek legeari izkin egiteko moduak bilatzen ari direla.

Enpresa guztiak legea ez betetzeko eginahaletan aritzea deitoratu du LABek, baina, guztien artean, Glovori erreparatu dio bereziki.«Kontratua egiteko edo autonomo gisa aritzeko aukera eman omen die langileei, eta autonomo izatea aukeratzen dutenak soilik onartu;besteei kontua deskonektatu die», ziurtatu du. LABek azaldu du kaleratze horiek ezegokiak direla eta epaitegietara joko duela langileak defendatzera, argi duelako legearen kontrakoa dela kontratuak deuseztatzea lan baldintza berriak ez onartzeagatik.

Glovok autonomo modalitate berri bat sortu nahi duela ere salatu du LABek, eta banatzaileak elkarren artean lehiatzeko formula bat eratu duela horrela. «Langileek %30 jaitsi ahal izango dituzte prezioak, eta, horrela, ahulenen arteko gerra sortuko da».

Auzitegietan ez ezik, kalean ere erantzungo die LABek janari banaketa enpresei. Riders X Derechos elkartearekin batera, datozen asteetan grebak eta mobilizazioak egiteko asmoa agertu dute.

ELAk, CCOOk eta UGTk ere ohartarazi dute legediaren edozein urraketa salatuko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.