Pentsio sistemetan Frantziako eta Espainiako gobernuek egin asmo dituzten erreformak salatu ditu LABek, eta sistema propioa aldarrikatu du, Hendaian (Lapurdi) abiatu eta Irunen (Gipuzkoa) amaitu den mobilizazio batean.
Igor Arroyo LABeko koordinatzaile nagusiak «Euskal Herriko alderdi politikoak» deitu ditu Madrilen eta Parisen «murrizketa gehiago ez onartzera». «Eztabaidaren muina azken hamarkadetako murrizketen lehengoratzeak izan beharko luke, eta ez murrizketa berriek».
Horrekin batera, eskatu die pentsioei buruzko erabakiak Euskal Herrian hartu ahal izateko urratsak egiteko, «Euskal Gizarte Segurantza sortzeko bidean». Haren ustez, gizarte segurantza kudeatzeko transferentzia gauzatzea pauso bat izango litzateke bide horretan. Horrekin batera, nabarmendu du Hego Euskal Herriko erakundeek aukera badutela gutxieneko pentsioak 1.260 euroraino igotzeko, osagarrien bidez.
Ipar Euskal Herriko bozeramaile Argitxu Dufauk, berriz, Macronen gobernuaren erreformaren aurka egiten ari diren borroka azpimarratu du. Salatu du egitasmo horren oinarrian pentsioak «indibidualizatzeko eta pribatizatzeko» asmoa dagoela.p>
Deialdi berria hilaren 16rako
Bestalde, Frantziako sindikatu nagusiek beste mobilizazio egun bat antolatu dute erretreten erreformaren aurka. Otsailaren 16an aterako dira kalera, eta lanuzteak egingo dituzte sektore jakin batzuetan. Hain justu, hurrengo egunean amaituko du Asanbleak egitasmoaren azterketa, Senatura bidali aurretik. Datorren ostegunekoa bosgarren protesta eguna izango dute. Larunbat honetarako ere antolatu dituzte mobilizazioak.