LABek ostalaritzako hitzarmena nahi du Glovoko langileentzat

EAEko Fiskaltzaren aurrean salatu du Glovo, langileen eskubideen kontrako delitu larri eta jarraituagatik. 900 langile inguru zenbatu ditu

LABen prentsaurrekoa atzo, Bilboko egoitzan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2022ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Glovoko langileen lan baldintzen erregularizazioa lortzeko asmoz, beste urrats baten berri eman zuen atzo LABek: gatazka kolektibo bat planteatuko du Glovoko langileei ostalaritzako hitzarmen kolektiboa aplikatzea eskatzeko. Garbiñe Aranburu koordinatzaile nagusiak adierazi zuenez, Glovoren moduko enpresetako langileak gainerako langileekin parekatu behar dira eskubideetan.

Digitalizazioak «lan-esplotazio formula berriak» ekarri dituela azaldu zuen Aranburuk. Horrek «prekaritate gordin batera» bideratu ditu Glovoko banatzaileak. LABeko koordinatzaile nagusiaren arabera, Glovok ez du aitortzen enpresak langileekin duen harremana: «Autonomoetan alta ematera derrigortzen dituzte, eta, gero, ez dute inolako autonomiarik, ezta inolako erabaki ahalmenik ere». Horren ondorioz, ordutegi jakinik gabe, ezarritako soldatarik gabe, oporretarako eskubide arauturik gabe eta lan osasunerako eskubiderik gabe egiten dute lan.

Kontratazio bide horiek, gainera, negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe uzten ditu: «Ez dute eskubiderik langile ordezkaririk aukeratzeko, eta ez dute inolako bitartekorik beren eskubideak defendatzeko». Eskubide hori aitortu nahian, gatazka kolektibo bat planteatuko du LABek, Glovoko banatzaileak Ostalaritzako Hitzarmenaren parte izan daitezen. Gatazka kolektiboa Lan Harremanen Kontseiluan aurkeztuko dute, Preco zerbitzuaren bitartez. Akordiorik lortu ezean, Justizia Auzitegi Nagusira joko dute.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langile guztiei aitortuko litzaieke ostalaritzako hitzarmenaren aplikazioa. Datu zehatza jakin ez arren, Iñigo Alonso LABeko Zerbitzu Pribatuetako kideak adierazi zuen hiriburu bakoitzean 200-500 langile daudela: «Bederatziehun langileri eragingo lioke aplikazioak».

Bide guztien erabilera

Plataforma digitalak agertzen hasi zirenetik, LABek «lan esplotazio» horren kontrako jarrera izan du. «Argi dugu guri ere badagokigula langile horien eskubideen defentsa», azaldu zuen Aranburuk.

Udan, Espainiako Auzitegi Gorenak onartu egin zuen sektorean ordezkaritzarik handiena duten sindikatuen esku hartzea. «Enpresa horrek egiten dituen iruzurrak ez die langileei aukerarik ematen ordezkaritza izateko», argitu zuen Alonsok. Horregatik, ordezkaritza gaitasunaren «irakurketa zabala» egin zuen auzitegiak. Aranbururen arabera, horrek euren «eredu sindikala birpentsatu eta berritzea» ekarri zuen.

Negoziazio kolektiborako eskubidea aitortzea ez ezik, LABek kontratazioan gertatzen diren lege iruzurrak amaitzea ere nahi du, eta langile horien lan harremana aitortzea. Bide posible guztiak erabiliko dituztela azaldu zuen Aranburuk: «Salaketa, bide penala eta ekintza sindikala». Izan ere, joan den astean LABek aditzera eman zuen EAEko Fiskaltzaren aurrean salatu duela Glovo, langileen eskubideen kontrako delitu larri eta jarraituagatik.

Gainera, Lan Ikuskaritzan eta epaitegietan hainbat salaketa jarri dituzte. Epaiek diote «eztabaidaezina» dela lan harremana. Bizkaiari dagokionez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai batek dio Glovoko langileak besteren konturako langileak direla. Emaitza berbera espero dute beste herrialdeetan.

Estatu mailako rider-en legeak berariaz jasotzen du besteren konturako langileak direla. Hala ere, legea onartu eta urtebetera, zailtasunak daude langileen lan baldintzak erregulatzeko eta lan harremana aitortzeko. «Hori gertatzen da legea alderdi batzuetan motz geratu delako eta horrek posible egiten duelako Glovo bezalako enpresek zirrikituak bilatzea iruzurrak egiteko», adierazi zuen Aranburuk atzo, eta gaineratu LABek lanean jarraituko duela langile horiek ere eskubidedun langileak izan daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.