Aurtengoa «urte beltza» izaten ari da Nafarroan. Lan istripuak gorantz doaz, eta, urtea amaitzeko berrogei egunen faltan, «marka guztiak» hautsi dira, LABen arabera. Bere afiliatu sarea baliaturik, istripu hilgarriak zenbatzen ditu sindikatuak, baina berriki oraindik zenbatu gabe zeuden beste bost langile hil direla jakin dute. «Egoera oso larria da», salatu du Imanol Karrera Nafarroako koordinatzaileak.
Inko Iriarte LABeko Lan Osasuneko arduradunak salatu du Nafarroako Gobernuak ez duela ofizioz lan istripuen datu ofizialik ematen. Sindikatuak bere kabuz zenbatzen ditu, eta gero harremanetan jarri ohi dira Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuko teknikariekin. Halaxe jakin dute udazkenean beste bost hildako izan direla: lau modu ez-traumatikoan hil ziren, lanean; bosgarrena, berriz, Huescan (Aragoi, Espainia) kamioiaren iraulkiak harrapatutako garraiolari bat izan da.
Hala, gaur urte LABek Euskal Herrian lanean hildako 60 langile ditu zenbaturik, eta horietatik 26 nafarrak dira —Nafarroan bertan eta lurraldetik kanpo zendutako langileak dira—. «Guk gutxienez ezagutzen ditugun lan heriotzak dira horiek, baina badaude hauek bezala katalogatzen ez diren beste heriotza batzuk ere. Gobernuek ez dizkigute helarazten, edo ez dituzte lan heriotza bezala agerrarazten», zehaztu du Iriartek.
Joera kezkagarria
Nahiz eta gero eta langile gehiago arrisku txikiagoko jardueretan aritu Hego Euskal Herrian, Iriartek ohartarazi du lan istripu larrien tasa oro har gorantz ari dela. Haren hitzetan, horrek aditzera ematen du duela urte batzuk baino egoera okerragoa dela. «Uste dugu prebentzio arloan duela bost-hamar urte baino okerrago daudela enpresak. Enpresa barruan jarrera eta erabakiak bigunagoak dira, lehen baino. Zergatik? Oso merke ateratzen zaielako enpresei prebentziorik ez egitea. Ez dago ikuskaritzarik, ez dago zigorrik».
Horregatik, LABek eskatu dio Nafarroako Gobernuari gardentasun ariketa egin dezala eta istripuen datu ofizialak eman ditzala.
Imanol Karrerak salatu du Nafarroako Gobernua «katramilatuta» dagoela CEN patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuen hitzartutako enplegu planetan. Salatu du helburu propagandistikoa dutela eta enpresek ez dutela hartzen lan osasuneko neurririk. Haren hitzetan, Carmen Maeztu Enplegu kontseilaria eta Iñaki Mendioroz arloko zuzendari nagusia «utzikeriaz» jokatzen ari dira. «Jokabide justifikaezina da, gizartearentzat ulertezina».
Exijitu dio gobernuari Lan Osasuneko Kontseilua aktibatu dezala egoera zuzentzeko beharrezko neurriak har daitezen. Kontseilu hori «blokeatua» dutela gaitzetsi du.