LABek mobilizazio «zabalak» nahi lituzke lan erreforman eragiteko

Espainiako Gobernuaren proposamena ez babesteko eskatu die euskal alderdiei, ez behintzat egun idatzita dagoen bezala. Protesta ekintzak Galizia eta Kataluniara zabaltzea da sindikatuaren asmoa

Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusia. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
LAB sindikatuaren ustez, oraindik ez da beranduegi Espainiako Gobernuak bultzatu nahi duen lan erreforman eragiteko. Proposamenaren xehetasunak jakinda, «enpresari elkarteen garaipen bat» dela iritzi dio, eta ez dela egon «kontrarreformarik». Horiek hala, erreforma oztopatu daitekeela uste du, eta Garbiñe Aranburu sindikatuko idazkari nagusiak ez babesteko eskatu die euskal alderdi politikoei, ez behintzat egun idatzita dagoen moduan. Hurrengo asteak «erabakigarriak» izango direla iragarri du, eta nabarmendu du egoerak erantzun «ahalik eta zabalena» eskatzen duela, euskal gehiengo sindikaletik haratago doana.

«Greba orokorrak deitua behar zuen honezkero. Aukera bat galdu dugu», onartu du Aranburuk. Halere, ez du etsipenean murgildu nahi izan, eta mobilizazio handien asmoari eusten dio: «Murrizketa ziklo batean gaude. Lan eta pentsioen erreformak eragindako murrizketak. Egoerak eskatuko du greba orokorretara deitzea. Ez dakit datarik, baina fase honek eskatuko du».

Sinesmen horrekin, erantzun dinamika horri forma ematen hasteko garaia dela uste du, ELArekin batera besteak beste, harremanak bere onenean ez egon arren: «Harremana etengabekoa da, eta egoerak behartuko gaitu. Beharraren ustea eta borondatea norabide berean doaz». Hori bai, nabarmendu du Galizia eta Kataluniako sindikatuak bidelagun nahi dituela, eta horren aurretik ere LABek mobilizatzeko deia egina duela hilaren 27rako.

LABentzat ez zen ezustekoa izan Espainiako enpresarien elkarteak erreforma onartu izana, eta bere ustez patronala eta erreformak indargabetzea «itsatsi ezin daitezkeen» bi aldagai dira. Aranburuk hainbat kritika egin dizkio proposamenari: estatalizazioa bultzatzen duela, kaleratze merkeak... «Hainbeste goratu diren» behin-behinekotasunaren aurkako neurriak ere izan ditu hizpide: «Proposamenak aldi baterakotasuna murrizten duela esan da; arreta berezia jarri da hor. Baina, testua aztertuz gero, ikusten dugu idatzita dagoen modua oso orokorra dela, eta ateak irekita uzten dituela behin-behineko kontratazioen deskausalizazioari. Eragin mugatua izango du».

Deia alderdiei

Eragin bai, baina nola? Non? «Partida hau ez da Madrilen bakarrik jokatzen», zehaztu du. Eremu politikoan «gauzak nahiko irekiak» daudela uste du Aranburuk, eta euskal alderdiekin harremanetan daudela baieztatu. Alde horretatik, egun idatzita dagoen bezala ez babesteko eskatu die Madrilgo Kongresuan ordezkaritza duten euskal alderdiei. Halaber, nabarmendu du Euskal Herrian ere aurre egin dakiokeela erreformari, eta hein handi batean «borondate» kontua dela. Lan baldintzen inguruko akordio interprofesional bat sinatzea proposatu die Confebaski eta CENi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.