Orain, zer? Hori da galdera. Lan erreformaren onarpenarekin, bukatu da eremu sindikalean azken hilabeteetan egon den eztabaida nagusia, eta, LABen ustez, orain beste atal bat hasi da: «Hemen ez da ezer bukatu; aplikazioa oztopatzea da orain helburua. Lan harremanen eraldaketa hasteko borroka hasi da», aldarrikatu du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak. Izan ere, sindikaturen ustez aurrera begiratu behar da, eta, EAJk eta EH Bilduk erreformaren bozketan emaniko ezezkoaren ondoren, Euskal Herrian lan harremanen marko berri bat osatzeko aukera ikusten du, sindikatuez eta patronalaz gain erakundeak ere barne hartuko lituzkeena: «Orain arte izan duten ekidistantzia alboratu beharko lukete. Patronalaren aurrean ozen eta argi hitz egin beharko lukete, eremu publikotik».
Azken hilabeteetan, LABek hainbat bilera egin ditu Espainiako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi abertzaleekin. EH Bilduk eta EAJk ezetz bozkatu zuten iragan ostegunean, eta, hainbat arrazoirengatik izan arren, sindikatuak argi du haien presioak eragina izan zuela. Bilera horietan euskal lan eremua gordetzeko borondatea ikusi du, eta hor oinarrituko litzateke lan harremanen eredu berria: «Guk ez dugu inor baztertzen, baina akordio intersektorialak eratzeko marko bat litzateke, patronalaz eta sindikatuez gain alderdi eta erakundeak izango lituzkeena». Eta zergatik ez erabili horretarako Jaurlaritzak egun duen elkarrizketa sozialerako mahaia? «Ez gaude barruan Espainiako elkarrizketa sozialerako mahaiaren menpe dagoelako; batere mamirik gabea da, eta patronalaren politikak bermatzeko baino ez du balio».
LABek posible ikusten du aukera hori: «Madrilgo gobernuak amore eman du patronalaren aurrean; haren xantaia onartu du. Euskal alderdiei, berriz, entzun diegu esaten patronalak Kongresua bahitua duela, eta guk ere hala uste dugu. Horregatik, hitzetatik ekintzetara pasa daitezela eskatzen diegu». Aranburuk Andoni Ortuzar EAJko presidenteak esaniko hitzak aukeratu zituen, eta jeltzaleekin izandako bileretan tratu zuzen eta egokia izan dutela nabarmendu: «Badirudi eremu politikoan badagoela aukera bide hau jorratzen jarraitzeko. Orain dagokigun marko propioa osatu behar dugu orain».
LABen datuen arabera, CCOOk eta UGTk Euskal herriko langileen %34 ordezkatzen dituzte. Aranburuk ez du uste lan erreformaren eztabaidarekin sindikatu abertzale eta ez-abertzaleen arteko «arrakala» handitu denik, aurretik ere estrategia ezberdinak zituztelako, eta oraindik ere bat egiteko gai dira enpresa eta sektore hitzarmen batzuetan. Horregatik ez lituzke kontaktu horietatik kanpo utziko, baina lehenbizi sindikatu abertzaleekin hasiko ditu kontaktuak. Ondoren, bilera eskaerak egingo dizkie euskal espektro politikoko alderdiei, euskal erakundeei eta patronalei.