Ekonomia

LABek kanpaina bat abiatuko du aberastasunaren banaketa justuago bat aldarrikatzeko

Kanpainaren bidez nazioarteko, EAEko eta Nafarroako Foru Erkidegoko administrazioek ekonomiaren krisiari aurre egiteko hartutako neurriak enpresek euren irabaziak berreskuratzera bideratu direla salatu nahi du LABek eta, ez, langileen gehiengoa jasaten ari den ondorioak arintzera. Era berean, gizartearen mobilizazioa bultzatu nahi du kanpainaren bidez.

2008ko urriaren 24a
17:40
Entzun
Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari orokorrak prentsaurrekoan iragarri du aberastasunaren banaketa eta gastu soziala handitzea eskatzeko kanpaina bat hasiko dutela. Azaroaren 6an LABek mobilizazioak egingo ditu, gizartea gai hoien inguruan mobilizatzeko. Sektore zigortuenei luzatu die deialdia bereziki,“dagokiena aldarrika dezaten”.

Bankuak salbatzeko planak “lotsagarriak” eta “mundu mailako lapurreta” direla uste du Etxaidek: “Denok eman dugun diru publikoa erakunde pribatuei emateko erabiltzen ari dira”. Egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko “nahiko aberastasun” dagoela azpimarratu du, EAEko eta Nafarroako gobernuen “ekintza eskasia” kritikatzearekin batera.

Egoera horren aurrean, LABek uste du bizi baldintza duinak bermatuko dituen lanpostuak sortzeko neurriak hartu behar direla eta, datorren urtean euskal erakundeen aurrekontuak antolatzerakoan, aberastasunaren banaketa bermatu behar dela.

Langabeziaren igoera dela eta, EAEko langabezia tasa Europako batez bestekoaren azpitik dagoela esan du Eusko Jaurlaritzak eta justifikazio hori kritikatu du LABeko idazkari orokorrak. Espainiako Estatuko aurrekontuei buruz ere hitz egin du; “EAJk erabakitzeko gaitasunaren truke PSOEri dirua ematea” gaitzetsi du.

Indar soberanistaren batasunaren inguruan ELAk egindako proposamenean ez dagoela “ezer berririk” eta bi sindikatuen arteko harremana“duela urte bat zegoen leku berean” dagoela gaineratu du. Horren ildora, sindikatuen arteko ekintza bateratu bat hasteko, “Espainiako Estatuaren egoeraren” eta “euskal sindikalismoak prozesu politiko eta sozial batean jokatu beharreko paperaz” jarrerak hurbildu beharko lituzketela gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.