Nafarroako foru administrazioko sindikatu nagusia izango da aurrerantzean ere LAB, eta, gainera, besteekiko aldea handitu du. Lehen postu hori kentzeko lehian, kanpaina zaila izan dela onartu du sindikatu abertzaleak, baina, behin emaitzak ikusita, «oso pozik» zeuden atzo, «energia berrituarekin eta ilusioarekin». Guztira, 3.492 langile publikok bozkatu dute LABen alde, eta ondorioz 77 ordezkari izango ditu, 2019an baino zortzi gehiago. Gainera, ordezkarietan bigarren sindikatuarekiko tartea zabaldu du: 43 ordezkari erdietsi ditu Afapnak.
Berez, bozketa herenegun izan zen, baina ospitaleetan gaueko txandan lan egiten duten Osasunbideko langileen ondorioz, atzo goizean jakin ziren behin betiko datuak. Guztira, 32.444 funtzionario eta administrazioarekin kontratua duten langile zeuden deituta, eta horietatik %51k jarri zuten bere botoa hautetsontzian. Adierazgarria izan da 2019an baino 5.339 enplegu publiko gehiago zeudela, batik bat administrazio nukleoan, hezkuntzan eta osasun arloan. Hala, duela lau urte baino hemeretzi ordezkari gehiago aukeratu dira oraingoan, eta, ondorioz, erdiak LABentzat izan dira.
Afapna geratu da bigarren. Duela lau urte baino sei ordezkari gehiago lortu ditu administrazio publikoko sindikatu horrek.
Emaitza horrek sindikatu korporatiboen goranzko joera ona islatu du. Adibidez, Osasunbidean, Sindikatu Medikoa nagusitu da, eta, ondorioz, abenduan deitutako greba mugagabeari zein ondoren Nafarroako Gobernuarekin hitzartutako akordioari etekina atera dio, 26 ordezkari lortu baititu. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan lortutako hiru kideak gehituta, 29 erdietsi dituzte guztira, duela lau urte baino sei gehiago. SATSE, berriz, lehen sindikatua izan da Osasunbideko funtzionarioen artean, 14 kide eskuratu baititu.
Sindikatu tradizionalen artean, LABek izan ezik, gainerakoek ordezkaritza galdu dute. CCOO hirugarren geratu da, baina 2019arekin alderatuta lau kide gutxiago izango ditu: orotara, 1.500 langilek eman diote sostengua eta 37 ordezkari izango ditu.
ELAk duela lau urte baino bi ordezkari gutxiago izango ditu: 32 ordezkari zituen lehen, eta 30 ditu orain. Berez, funtzionarioen artean emaitza berdindu du, baina kontratua duten langileen artean galdu ditu bi ordezkari horiek; zehazki, Osasunbidean. Orotara, 1.253 langile publikok bozkatu dute haren alde.
Dena den, UGTk jaso du kolperik handiena, duela lau urte baino bederatzi ordezkari gutxiago eskuratu baititu. Kontuan harturik oro har delegatu kopurua handitu dela, muturrekoa are handiagoa da, eta litekeena da sindikatu korporatiboek jaso izana behinola UGTri sostengua eman zietenen botoa. Sindikatuak hemezortzi ordezkari eskuratu ditu.
Atalka, emaitzak
Administrazio barruan askotariko errealitateak daudenez, atalkako emaitzak beste hainbat zertzelada utzi dituzte. Adibidez, irakaskuntzan Steilasek lehen postua kendu dio LABi eta hamabost ordezkari lortu ditu, aurrekoan baino lau gehiago. Halaber, LABen aurretik geratu dira ANPE, hamahiru ordezkarirekin; eta, Afapna, hamabirekin.
Administrazio nukleoan eta larrialdietako zerbitzuetan zein Nafarroako Suhiltzaileak atalean, LABek gehiengo handia lortu du: hamasei ordezkari batean eta hamar ordezkari bestean. Foruzaingoan, berriz, sindikatu korporatiboek euren gehiengoa handitu dute baina euren arteko indar korrelazioa aldatu da: CSIF nagusitu zaio APFri. Nabarmen atzetik geratu dira, CCOO, Afapna eta ELA.
Nafar Lansaren, Afapnak, CCOOk, ELAk eta LABek bina ordezkari lortu dituzte, eta UGTk, bat. Euskarabidean, LABek bost kide eskuratu ditu, eta ELAk, bi. Justizia arloko langileen artean STEJ sindikatu korporatiboa nagusitu da, bost ordezkarirekin.
LABen mezua gobernuari
Imanol Karrera LABeko Nafarroako koordinatzaile nagusiaren arabera, hauteskunde sindikalek agerian utzi dute «klase sindikalismoa korporatibismo antisindikalari» gailendu zaiola. Dena den, kezka agertu dute sindikatu mota horrek gorantz egin duelako, eta zerbitzu publikoen hobekuntzari baino interes zehatzei begiratzen dietelako.
Hurrengo gobernuari mintzatuzaio esateko langile publikoak «aktibatuta» daudela eta zerbitzu publikoen ahultzearen aurrean eraldaketa sakona aldarrikatzen dutela.«Gu ez gara konformatzen diskurtsora mugatuko den kritika hutsarekin eta lan baldintzak hobetzearekin». Aldaketa sakonak eragiteko, maiatzaren 28an hautetsontzietan ere langileen boterea baliarazteko eskatu zuen Karrerak.
LABek irabazi ditu foru administrazioko bozak Nafarroan, 77 kide lortuta
Afapnak 43 ordezkari lortu ditu; CCOOk, 37, eta ELAk, 30. Sindikatu Medikoa gailendu da Osasunbidean, eta Hezkuntzan, berriz, Steilas
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu