Hauteskunde sindikalak

LABek inoizko ordezkaritza eta afiliatu gehien lortu ditu Hegoaldean

ELAk nagusitasunari eusten dio, baina LAB da gora egiten duen sindikatu bakarra. 

Igor Arroyo eta Garbiñe Aranburu artxiboko argazki batean. GARAZI VELASCO/FOKU
aitor biain
2021eko martxoaren 11
15:47
Entzun

LAB sindikatuak inoizko daturik onenak erdietsi ditu hauteskunde sindikaletan, orain arteko ordezkari gehien lortu baititu Hego Euskal Herrian. Sindikatuak zabaldutako datuen arabera, 4.528 ordezkari ditu gaur egun: hau da, ordezkaritza guztiaren %19,32. 

Horrela, azken hamar urteetan izandako joerari eutsi dio sindikatu abertzaleak. 2010 datuekin alderatuz gero, 551 ordezkari gehiago ditu gaur egun: hau da, azken hamarraldian lau puntutan handitu du ordezkaritza kopurua. Eta bigarren indarra izatetik gertu dago, gainera. Orain arte lehia estua izan du CCOOrekin, baina, urtetik urtera, tartea txikituz doa. 

LAB da, hain zuzen ere, 2020an gora egin duen sindikatu bakarra, 24 ordezkari gehiago eskuratuta. ELAk 168 galdu ditu; UGTk, 152, eta CCOOk, 86. Edonola ere, ELAk nagusitasunari eusten dio oraindik ere, ordezkaritzaren %36,32 baitu. 

Emaitzen balorazio ona egin du sindikatuak, «maximo historikoetan» bukatu baitu urtea. «Bizitzen ari garen pandemiari, lan eta bizi baldintzen prekarizazioari aurre egiteko, borroka sindikalak areagotu behar dira, eta LAB indartsu sartu da borroka ziklo berri honetan», adierazi du Igor Arroyok, sindikatuko idazkari nagusiaren ondokoak.

Afiliazioan ere, gora

Afiliatu kopuruan ere gora eta gora ari da LAB: 45.000 afiliaturen langatik hurbil bukatu zuen iazko urtea. 2019arekin alderatuta, %3 gehiago ditu egun. Emakumeek eta gazteek hauspotu dute igoera hori, bereziki. 2020an afiliatu direnen ia erdiak (%48) 30 urtez azpikoak dira, esaterako. Azken hamar urteetan, gainera, ia %10 handitu da afiliatu kopurua. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.