LABek harremanak hasiko ditu Ipar Euskal Herriko negoziazio kolektiborako esparru bat sortzeko

Sindikatuak erran du lan hitzarmenak tokian-tokian negoziatzeak langileen lan baldintzak hobetzen dituela eta patronalarentzat ere onurak dituela. Garrantzitsutzat jo du sindikatu bakoitzak Ipar Euskal Herrian zenbateko ordezkaritza duen neurtzea.

Argitxu Dufau eta Eñaut Aramendi, LABen Baionako egoitzan. GUILLAUME DUFAU
Argitxu Dufau eta Eñaut Aramendi, LABen Baionako egoitzan. GUILLAUME DUFAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko irailaren 16a
15:35
Entzun

Langileen alde, hemen erabaki lelopean, LAB sindikatuak berriz ekarri nahi du hizpidera Ipar Euskal Herrian negoziazio kolektiborako esparru bat sortzeko aldarrikapena. 2012an aurkeztu zuen proposamena, Bertan erabaki kanpainaren harira, eta ordutik, gai horri buruzko gogoetak abiatu dituzte Euskal Herriko Garapen Kontseiluan. Alta, 2017an Euskal Hirigune Elkargoa sortu zenean, eragileek eta erakundeek ez zioten heldu gaiari. Egun halako egitura bat sortzeko baldintzak betetzen direlakoan, harremanak abiatuko dituzte alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialekin. «Gu engaiatuak gara, baina beste eragileei ere dei egin nahi diegu. LABek bakarrik ezin du egin», adierazi du Argitxu Dufau LABeko Ipar Euskal Herriko koordinatzaileak.

2014an Garapen Kontseiluan abiatu zuten gogoetan, CFDT, LAB, UNSA eta CGT langile sindikatuak elkartu ziren, eta Medef, CPME, UDES eta UPP ere bai, patronalaren ordezkari gisa. Hori bilakatu zitekeen negoziazio kolektiborako tokiko batzorde parekide, baina hartan parte hartzen zuten egiturek erabaki zuten elkarte estatusa atxikitzea. «Beldurra eta kontraesanak sortzen ditu», adierazi du Eñaut Aramendi LABeko kideak.

Orain, CGT eta Medef elkarrizketa eremutik atereak dira. «Batzuek ez diote burujabetza handiagoa eman nahi gure lurraldeari; beste batzuek, ez dituzte langileen eskubideak hobetu nahi», laburbildu du Aramendik. 

LABen iritziz, abantaila anitz lituzke negoziazio kolektiborako esparru baten sortzeak.

Batetik, bidea emanen luke neurtzeko sindikatu bakoitzak zenbateko indarra duen Ipar Euskal Herrian, eta tokian tokiko hitzarmen kolektiboak adosteko aukera ere emanen luke, Frantziakoak hobetuta: «Horiek Parisen negoziatuak dira», azpimarratu du Dufauk.

«2017an Euskal Elkargoa sortu genuen, beharra bazelako politika publikoak tokian-tokian kudeatzeko. Zergatik ez genuke gauza bera eginen arlo sozialean?»ARGITXU DUFAULABeko Ipar Euskal Herriko koordinatzailea

Enpresa txikietako langileek ordezkariak izateko modua ere ekarriko luke halako egitura batek, hamar langile baino gutxiagoko enpresetan ez baitute ordezkari sindikalik. «Ospitalea da Ipar Euskal Herriko enplegatzailerik handiena, baina, gero, enpresa txikiak dira gehienak». Funtsean, langileek eskubide gehiago izateko aukera dela erran dute. 

Enpresa txikien hitzarmenak

Tokiko batzorde parekideaz gain, herriarteko lurralde batzorde soziala sortzea ere galdegin du LABek, elkarrizketa sozialerako organorik ez duten 50 langile baino gutxiagoko erakunde publikoetako lan hitzarmenak negoziatzeko. Frantzian badira halako adibide batzuk, eta Ipar Euskal Herrian ere posible dela uste du LABk. «2017an Euskal Elkargoa sortu genuen, beharra bazelako politika publikoak tokian-tokian kudeatzeko. Zergatik ez genuke gauza bera eginen arlo sozialean?».

Dufauk salatu du azken urteetako erabaki politiko eta ekonomiko guziak «kapitalaren intereserako» hartu direla, «langileen kaltetan», eta Frantziako Gobernuak «langileen prekarizazioa» bultzatzen duela. Horiek horrela, ezinbestekotzat jo du langileei botere handiagoa ematea.

Behatoki sozioekonomikoa

Beste eskaera bat ere egin du sindikatu abertzaleak: Ipar Euskal Herriko behatoki sozioekonomikoa sortzea. Euskal Elkargoak Behatoki ekonomikoa abiatu du azken urteetan, baina arlo soziala eskas dela erran du LABek. «Zer indar du sindikatu bakoitzak? Zenbat langile dira enpresa txikietan? Zenbatek jasotzen du RSA diru sarrerarik gabekoen errenta? Zenbatekoa da batez besteko lansaria Ipar Euskal Herrian? Lansariaren zer zati erabilia da etxebizitza ordaintzeko?», zerrendatu du Aramendik.

Diren datu guziak zentralizatzeko eta falta direnak aztertzeko beharra aipatu du LABek. Horrez gain, nabarmendu du Ipar Euskal Herriak dituen behar sozialen araberako eskumenak eskualdatu behar direla. 

LAB-EN KANPAINA, ABENDU ARTE

Hiru eskaera ditu LABek ikasturte honetarako, eta Igor Arroyo sindikatuko koordinatzaile orokorrak gaur iragarri du horien inguruan «presio egiteko» kanpaina bat hasiko duela. Hego Euskal Herrian 1.600 euroren gutxieneko soldata ezartzea, 30 orduko lan astea izatea eta zerbitzu publikoak «indartzea» izango dira sindikatuaren jardunaren ardatz nagusiak. 

Eskakizun horiek gizarteratzeko, hamalau batzar egingo dituzte, eta eskuorriak banatuko dituzte lantokietan. Kanpaina abenduaren 12an bukatuko da, Bilbon batzar handi bat eta manifestazio bat eginda. 

Borroka eraginkorra dela nabarmendu du Arroyok, eta ziurtatu ez dagoela «aldaketa sakonik konfrontaziorik gabe». Esan du borrokari esker aurrerapauso handiak eman direla, baina urrunago joan behar dela, «langile guztiak aintzat hartuko dituzten neurri orokorrak ere beharrezkoak» direlakoan. 

Kritiko azaldu da Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin, eta bereziki «EAJ-Geroa Bai eta PSE-PSN binomioarekin», haren ustez, «ez baitute patronalaren pribilegioak amaitzeko borondaterik». Horrek gerarazten ditu LABek ezinbestekotzat jotzen dituen bi puntu: kapital errentak lan errentak adina zergapetzea, eta sozietate zerga handitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.