LABek gutxieneko soldata propioaz hitz egin du Espainiako Gobernuarekin

Langileen estatutuaren puntu bat aldatuz gero berme juridiko osoz lor daitekeela uste du sindikatuak, eta borondate ona ikusi du Madrilen. Oztopo nagusia patronalaren borondaterik eza dela salatu du.

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra, gaur, Bilbon. BERRIA
Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra, gaur, Bilbon. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko uztailaren 1a
16:55
Entzun

LABek Euskal Herrirako gutxieneko soldata propioaren eskaera hauspotu nahi du, eta, azaldu duenez, Espainiako Gobernuko Lan Ministerioarekin ere bildu da gaia jorratzeko. Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak nabarmendu du oztopo ekonomikoak juridikoak baino handiagoak direla, eta patronalak trabarik jarriko ez balu lor daitekeela. Euskal alderdiek begi onez ikusten dutela azaldu du, eta udazkenean Lan Harremanen Kontseilura eramango dutela eskaera.

LABek lanean jarri ditu bere zerbitzu juridikoak, eta gutxieneko soldata propioa lortzeko bide orria diseinatu du. Hego Euskal Herrian posible dela ondorioztatu du, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hari legezko bermea emateko aukera badagoela. Zenbatekoa aipatzean, sindikatu subiranistak 1.400 euroren langa aipatu izan du azken urteetan, baina egun 1.600 euro beharko liratekeela uste du Aranburuk: «Batez besteko soldataren %60, hain zuzen».

1.600

Gutxieneko soldata gordina. LABek urteak egin ditu 1.400 euroko gutxieneko soldata eskatzen, baina azken urteetako inflazioaren ondoren 1.600ekoa beharko lukeela uste du orain. Kopuru gordina da hori, eta hamalau ordainketa aldarrikatzen ditu. Egun 1.134 eurokoa da, hamalau soldatatan.

Kopuruarekin hasi aurretik, baina, legezko markoa ezarri behar da. Aranburuk azaldu duenez, EAJk eta PSEk gobernu akordioan jasoa dute «hemengo errealitatearen» araberako gutxieneko soldata bat ezartzea, eta Eusko Jaurlaritza berriak gizarte eragileekin bilera erronda hasten duenean gogoratu egingo diote. Zerbitzu juridikoen arabera, baina, gutxieneko soldata propioa izateko, bai behintzat berme juridiko osoarekin, Espainiako Langileen Estatutuko 83. artikulua aldatu beharko litzateke. Artikulu horrek enpresa eta sindikatuek akordio pribatuak egiteko eskumena arautzen du.

Horretarako, Espainiako Gobernuaren oniritzia behar da, eta LABek dagoeneko «bilera pribatuak» izan ditu Lan Ministerioarekin. Harreman horietan «borondate ona» ikusi du, baina Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdiei eskatu die eskaera hori sar dezatela bere negoziazioetan. Lortuz gero, Aranbururen ustez, gutxieneko soldata zehazteko akordioa «blindatu» egingo litzateke.

«Lanbide arteko akordio baten bitartez ezarri daitekeen kopuru bat da. Baina akordio berri bat izan beharko luke: 2017koak ez du balio» GARBIÑE ARANBURULAB sindikatuko koordinatzaile orokorra

LABen ustez, lanbide arteko akordio bat litzateke gutxieneko soldata propioa ezartzeko formularik onena, eta horregatik aldatu beharko litzateke langileen estatutua. Ez litzateke Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen lanbide arteko akordio bakarra, 2017an onartu baitzen lan hitzarmen propioen lehentasuna aitortzen duena. Dena den, LABek zehaztu du 2017ko akordioak ez duela eskumen hori zehazten. «Akordio berri bat behar da, eta, horretarako, Elkarrizketa Sozialekoa ez den mahai bat behar da».

Elkarrizketa Sozialaren Mahaian Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu saila, CCOO eta UGT sindikatuak eta Confebask patronala daude. LABen ustez, ez da mahai egokia, gehiengo sindikala bertan ez dagoelako eta patronala oztopatzaile gisa ikusten duelako: «Gutxieneko soldata propioa ezartzea borondate kontua da, patronalarena hain zuzen. Confebasken esku dago hura ezartzea, eta mugitu nahi ez badu Jaurlaritzak agente aktiboa izan behar du bide horretan».

SEKTORE FEMINIZATUETAKO LANGILEAK
1.400 euroko gutxieneko soldata eskatzeko LABen protesta ekintza bat. Irudia 2021ekoa da. BERRIA

Aranburuk azaldu gutxieneko soldataren eskaera lehenetsiko dutela sindikatuan, baina ez diotela muzin egiten lanaldia murrizteari. Espainiako Gobernuak ezarri nahi zuen 37,5 orduko lanaldia Euskal Herrian «motz» gelditzen dela esan du, eta LABen helburua 30 orduko lanaldia dela. Borroka gogorra iragarri du, luze joko duena, eta tarte horretan «pedagogia asko» egin beharko dela dio.

Aranburuk agerraldi publiko bat egin du Bilbon Eusko Jaurlaritzari egingo dizkion eskaeren berri emateko, eta bertan eman ditu xehetasunak. Lan eremuko eskaerak egiteaz gain, zerbitzu publikoak indartzeko eskatuko diote. Osakidetzari dagokionez, politika «klientelar eta neoliberala» alboratzeko esango diote, lehen arreta indartzeko eta behin-behinekotasun tasa handiak amaitzeko. Zaintza eredua ere izango du hizpide LABek, eta, besteak beste, langileen baldintzak duintzea eskatuko dio Jaurlaritzari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.