Hilabete falta da Mecaner Urdulizko (Bizkaia) trokelgintza enpresa historikoaren itxiera ekar dezakeen enplegu erregulazioaren kontsulta prozesua hasteko, eta sindikatuak ez datoz bat nola jarraitu protestekin. ELAk greba mugagabera deitu du bihartik aurrera; LABek eta ESK-k, aldiz, bi greba egun eta mobilizazio handi baten aukera jarri dute mahai gainean. CCOOk ez du argitu bere jarrera.
Mecanerreko langileek bilera egingo dute ostegunean, eta bertan aztertuko dute LABen eta ESKren eskaintza. Duela bost hilabete Stellantis autogintza multinazionalak planta ixteko asmoa jakinarazi zuenetik eginiko protesten ildotik doa. Bi greba egun egin nahi dituzte, eta mobilizazio erraldoi bat. 148 langileei egin diete dei: «Indarrak batzeko unea da, Mecanerren itxiera eragozteko eta alternatibak bilatzeko, ahalik eta babes sozial politiko eta instituzional handiena lortzen saiatuta».
Hilabete baino gutxiago falta da trokelgintza enpresa historikoa itxi dezakeen enplegu erregulazioaren kontsulta epea hasi aurretik. 148 langile ditu.
Estrategia horrek, baina, talka egiten du ELAk iragan astean jakinarazitakoarekin. Greba mugagabea «inoiz baino beharrezkoagoa» dela uste dute ELAko delegatuek, eta bihar ekingo diote. Orain arteko mobilizazioetan eskutik joan dira sindikatu guztiak, eta hori da argitara atera den lehen desadostasuna. Greba egun solteak tarteko, azken bost hilabeteetan lanean ibili dira Mecanerren, Stellantisek oraindik enkargu batzuk agindu dizkielako.
Greba mugagabera jo aurretik, LAB eta ESKren estrategia Mecanerren «bideragarritasuna frogatzea» da, eta langile guztiei mesede egingo dien konponbide kolektibo bat aurkitzea. Aditu talde bati eskaturiko txostenean dute jarria itxaropena, zeinak plantarekin jarraitzeko aukerak aztertu dituen, autogintzatik harago doazenak.
Txostenak txosten, oraingoz Mecanerren egoera larria da. Azken urteetan irabaziak izan dituen arren, Stellantisek hura ixteko asmoari eutsi dio. Sindikatuek salatu dute deslokalizazio kasu garbi bat dela, eta beste nonbait jardun berarekin irabazi handiagoak lortzeko asmoz itxiko duela trokelgintza. Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zuen inbertitzaile bat aurkitzeko konpromisoa, baina duela bi aste jakinarazi zien langileei momentuz ez duela aurkitu.