Ostalaritza, saltoki handiak, etxeko langileak, telemarketina, garbiketa, metalgintza... sektore askotan daude lanbide arteko gutxieneko soldata —1.134 euro, hamalau pagatan— edo soilik pixka bat gehiago kobratzen duten langileak.
LAB sindikatuaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gutxienez 210.000 langile daude, soldatapekoen laurdenak, 1.600 euro gordinetik beherako soldatekin. Eta sindikatu horrek soldata muga hori ezarri nahi du EAEn, bertako eragileen akordioaren bitartez.
«Egun Hego Euskal Herrian ezarritako gutxieneko soldata ez da inolaz ere nahikoa bizitzaren kostuari aurre egiteko. Gutxieneko soldata propioa behar dugu», esan du gaur Bilbon Oihana Lopetegik, LABeko ekintza sindikaleko arduradunak. «Europako Karta Sozialak egindako gomendioa aintzat hartuz gero, batez besteko soldataren %60 izan beharko luke, gutxienez; hau da, 1.600 euro gordin, 14 pagatan».
Lopetegik dei zuzena egin dio Confebask patronalari, «dagokion ardura har dezan» gutxieneko soldata hobetzeko. «Berari dagokio EAEn milaka langileren lan eta bizi kalitatea hobetuko lukeen gutxieneko soldataren akordioa egitea».
«Confebaskek ezin dio uko egin soldatak hobetzeari, justizia sozialeko kontu bat da»
OIHANA LOPETEGI LABeko Ekintza sindikaleko arduraduna
Eusko Jaurlaritza ere interpelatu du. «Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak onartu du EAEn gutxieneko soldata propio bat behar dugula, eta hori berri positiboa da langileriarentzat. Baina beharrizana aitortzeaz gain, urratsak behar ditugu, eta Jaurlaritzari dagokio patronalari honelako akordio baten alde egin dezala eskatzea».
«Borondatea baldin badago» gutxieneko soldata hobetzeko akordioa juridikoki posible dela ere gogoratu du sindikatuak. Izan ere, Langileen Estatutuko 83.3 artikuluan araututako materia zehatzeko akordioaren eraginez, lan harremanak EAEn garatzen dituen langile orori aplikatuko litzaioke.
LABek garbi dauka enpresek badituztela nahikoa baliabide langilerik prekarioei soldatak igotzeko. «Badago aberastasun nahikoa, eta aberastasun hori gero eta modu desorekatuagoan banatzen da. Soldatak duintzea da, zerga politikarekin batera, aberastasuna banatzeko gako nagusi bat. Confebaskek ezin dio uko egin soldatak hobetzeari, justizia sozialeko kontu bat da».
testuingurua
LABek hilabeteak daramatza 1.600 euro gordineko gutxieneko soldata propioaren alde egiten, eta materia zehatzeko akordioaren bidea proposatzen du, hots, sindikatuen eta patronalaren arteko lanbide arteko akordioa.
Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak ere aipatu izan du prest dagoela Elkarrizketa Sozialaren Mahaira eramateko, hain zuzen, «Euskal Herriaren errealitate sozioekonomikora egokitutako gutxieneko soldata bat sortzeko proposamena».
ELA sindikatuak ere gutxieneko soldata handitzeko beharra aldarrikatzen du, gutxieneko hori 1.795 euro gordinetan ezarrita. Irailean iragarri zuenez, gai hori Eusko Legebiltzarrera eta Nafarroako Parlamentura eramango du 2025ean, HEL herri ekinaldi legegile baten bitartez.