LABek, CCOOk eta UGTk akordioa lortu dute Bizkaiko ostalaritzan

Gipuzkoako egurgintza sektorean ere lan hitzarmena adostu dute LAB eta CCOO sindikatuek eta Adegik.

Bizkaiko ostalaritza sektorearen protesta, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bizkaiko ostalaritza sektorearen protesta, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2024ko maiatzaren 27a
15:20
Entzun

Badira berritasunak eta lorpenak lan hitzarmenetan; zehazki, egurgintzan eta ostalaritzan: LAB eta CCOO sindikatuek eta Adegik Gipuzkoako egurgintza sektoreko lan hitzarmena adostu dute. Bizkaian, berriz, LABek, CCOOk eta UGTk ituna adostu dute ostalaritzako 22.000 langileen baldintzak berritzeko.

Hain zuzen, borroka luzearen ostean lortu dute Bizkaiko ostalaritzako hitzarmena. LABen arabera, akordioak azken urteetako KPIa berreskuratzea bermatzen du, eta hurrengo urteetarako igoeretan KPIa zuzenean soldatan bertan aplikatuko da, «ez berrikuspenen bidez indarraldian edo indarraldiaren amaieran».

KPIa zen, hain zuzen, akordiorako ezinbesteko baldintza. Izan ere, hitzarmena 2020tik berritu gabe zegoen, eta langileen soldatak ere ez dira igo ordutik. Hori dela eta, soldataren eguneraketa atzeraturiko KPIen adinakoa izatea eskatzen zuten sindikatuek: %12koa, alegia. Hala izango da.

Lanaldiari dagokionez, lau orduko murrizketa adostu dute, eta gutxieneko lanaldi bat ezartzea aldizkako finko partzialentzat. Bestalde, «sektoreko abusu eta iruzur gehienak lanaldian eta kontratazioan gertatzen direla aintzat hartuta», horiek mugatzeko neurriak adostu dituzte; besteak beste, enpresa guztietan nahitaezko fitxaketa elektronikoa ezartzea. Hala adierazi du LABek: «Sektore honetan fitxaketa mitoa da oraindik, eta tranpekin egiten da. Fitxaketa sistema elektronikoen bidez, aparteko orduen erabilera, gehiegizko lanaldiak, nahitaezko atsedenak eta abar errazago kontrolatu daitezke».

Aldizkako kontratu finkoak erregularizatzea ere hitzartu dute, «iruzurrak saihesteko, horien erabilera mugatzeko eta gutxieneko lanaldia igotzeko».

Horiek horrela, akordioak, «soldatak desizozteaz gain», sektoreko urraketak, iruzurrak eta gehiegikeriak oztopatuko dituela azpimarratu du LABek: «Sektore gutxitan gertatzen dira honetan adina irregulartasun eta iruzur; hori dela eta, hitzarmenak baldintzak erregularizatzeko tresna izan behar du, eta hori izan da lehentasuna negoziazio honetan».

2020az geroztik izoztuta zegoen lan hitzarmena desblokeatzeko, negoziatzen eta mobilizatzen aritu dira sindikatuak eta langileak, protesta bateratuak eginda. Greba egunak ere izan dituzte; azkena, urrian. Langileen ordezkariek «benetako mamia» duten eskaintzak eskatu zituzten orduan; izan ere, jasotako azken eskaintzan patronalak %5eko soldata eguneraketa eskaini zuen, eta sindikatuek %12koa eskatu zuten, atzeraturiko KPIen adinakoa, hain zuzen. Langileen eskaria bete da, azkenean.

ELAk du ordezkaritzarik handiena sektorean (%46,4), baina haren sinadurarik gabe egin du aurrera hitzarmenak. Langileek ontzat hartuz gero, bete beharrekoa izango da, hiru sindikatu sinatzaileek gehiengo osoa baitute: LAB (%24,9), CCOO (%22,7) eta UGT (%6).

ELAk akordioa kritikatu du; haren esanetan, lanaldi partzialeko aldizkako kontratu finkoei «atea zabaltzen» die. «Akats bat da horrelako kontratuak sektorean baimentzea eta zabaltzea, aldizkako lanaldiak eta lanaldi partzialak arautzeko kontratu prekarioa delako». Sindikatuaren arabera, posible zen sektorearentzako hitzarmen «duina» lortzea, baina ez da hala izan.

Hogei urteren ondoren

2024tik 2027ra bitartean egongo da indarrean Gipuzkoako egurgintzako hitzarmena, eta, LABen arabera, akordioak sektoreak urteetan jasan duen prekaritateari «mugak» jarriko dizkio: «Urte luzeetan eguneratu gabe eduki dituzten lan baldintzetan aurrerapauso nabarmenak bermatuko dizkie langileei». Azken lurralde hitzarmena 2001ekoa da, eta 2003an amaitu zitzaion indarraldia. Ordutik berritu gabe egon da, gaur arte.

Hitzarmenean adostutako eduki nagusiei dagokienez, 2003tik 2023ra bitarteko taulak eguneratuko dira, KPI guztien batuketarekin: «Hau da, %42,6ko egokitzapena izango dute». Behin hori eginda, urtero KPIaren arabera igoko dira soldatak. Horrez gainera, lau orduko lanaldi murrizketa adostu dute: bi ordu gutxiago 2025ean, eta beste bi 2026an.

LAB sindikatuak nabarmendu du sektorean egindako «lan eta borrokari esker» lortu duela akordioa. Hala ere, esan du lanean segitu behar dutela: «Nahiz eta akordioak sektoreko langileen egoera nabarmen hobetu, bidea ez da hemen bukatzen, eta LABek langileen ondoan jarraituko du, sektoreko beharrei erantzuna ematen».

ELAk, berriz, hitzarmena kritikatu du, eta gardentasun falta egotzi die ituna sinatu dutenei: «Hainbeste denbora hitzarmenik gabe eman ondoren, adostutako akordioaren edukiak ez dira aski: ezarritako soldata igoerak ez zaizkie aplikatuko sektoreko langile gehienei». Gainera, esan du lan erreformek ez dutela babesten hitzarmena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.