Ezohiko zerbait gertatzen ari da Euskal Herriko mundu ekonomikoan. Patronala eta sindikatuak ados daude ordua dela zerga sistema indartzeko, COVID-19aren pandemia ekonomian eta gizartean eragiten ari den hondamenari aurre egiteko gastu publikoa handitu egin beharko baita. Ostiralean, Confebaskek proposatu zuen «aldi baterako» errenta zerga eta sozietate zerga handitzea, «beti gehien eman dezakeenak gehien emateko printzipioari jarraituz». Atzo, LABen txanda izan zen. Hark ere uste du gehien dutenek gehiago pagatu behar dutela errenta zergan, baina patronalak inondik inora ikusi nahi ez duen proposamen bat jarri du mahai gainean: aberastasunaren gaineko zerga berri bat sortzea, gaur egungo ondare zergaren mugak gainditzeko. Baina, enpresaburuen elkarteak ez bezala, «egiturazko erreforma bat» nahi du sindikatuak, eta ez aldi baterako bakarrik.
Zerga sistema berritzeko proposamen bat helarazi die LABek Nafarroako Gobernuari eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiei. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak atzo azaldu zuen, agerraldi telematikoan.
Salbuespenezko egoeran egonik, LABek uste du derrigorrezkoa dela salbuespenezko neurriak hartzea. «Funts publikoetan inbertsio handia egin behar da, behar beste baliabide bideratuz. Ekoizpen eta enplegu ehunaren suntsipena geldiarazteko eta, ondoren, bata zein bestea suspertzen laguntzeko, sektore publikoak esku hartu behar du, eta kostu handia ekarriko die finantza publikoei».
LABek uste du gaur egungo sistema salbuespen horretarako prest ez dagoela. Hiru arazo nagusi ikusten dizkie Hego Euskal Herrian indarrean dauden lau zerga sistemei. Batetik, diru gutxi biltzen dutela. Haren datuen arabera, Europako Batasunean %39,2 da zerga presioa —zergek BPG barne produktu gordinean duen pisua—, eta Hego Euskal Herrian %30,9ra baizik ez da heltzen. Frantziak du zerga presiorik handiena —BPGaren %46,5—, eta Irlandak gutxien —%22,6—. Espainian bertan handiagoa da presioa Hegoaldean baino, %34,7 hain zuzen ere. «Hortaz, tarte zabala dago zergen biltze gaitasuna handitzeko, eta, modu horretan, laguntzak eta izaera soziala duten zerbitzu publikoen eraginkortasuna indartzeko».
«Langileen bizkar»
Bigarrenik, «langileen bizkar» dago zerga presioa, errenta zergan eta BEZan oinarritzen baita: «Foru ogasunek biltzen dituzten ehun euroko, euskal familiek 75 euro baino gehiago ematen dituzte», nabarmendu du LABek. Horiei gehi dakieke zerga berezietatik datorren %11, hau da, erregaiaren, alkoholaren eta tabakoaren gaineko zergetatik bildutakoa. «BEZak bezala, eragin erregresiboa dute, familia pobreenak neurri handiagoan zigortzen dituelako».
Azkenik, zerga iruzur eta zerga ihes handia dagoela salatu du.
Arazo horiek ikusita, sistema berri baterako lau ardatz dituen proposamen bat aurkeztu du Aranburuk. Lehenik, eskatu du aberastasunaren gaineko zerga bat sortzeko, gaur egungo ondare zerga oso eskasa dela uste duelako. LABen datuen arabera, zerga hobarien ondorioz, ondare zergaren %58 ez dute jasotzen aldundiek, eta %51 Nafarroak. Aitortu du nazioartean halako zerga bati buruzko koordinazioa behar dela, aberatsenek paradisu fiskaletara eta zerga oso txikiko eremuetara jo ez dezaten.
Bigarrenik, uste du PFEZ errenta zerga «berriz diseinatu» behar dela, «azken urteetan galdu duen progresibitatea berreskuratzeko». Aranburuk gogorarazi duenez, 2007ko erreformaren ondoren zerga tasa desberdinak dituzte lanaren eta kapitalaren errentek, azken horien mesedetan: lanaren errentek %23 eta %49 arteko tasa ordaintzen duteEAEn, eta %13 eta %52 artean Nafarroan; kapitalaren etekinek, berriz, %20 eta %26 artean. Ondorioz, errenta zergaren bilketaren %85 inguru laneko errentetatik dator.
Sozietate zerga ere «egokitu»nahi du sindikatuak, tasak igota eta gaur egun enpresek baliatzen dituzten zerga kenkariak gutxituta. Azken horiei esker, irabazien %25,3 zergetan ordaindu beharrean, %18,9 ordaindu zuten 2017an.
Zerga iruzurraren eta paradisu fiskalen aurkako borroka areagotzeko ere eskatu du LABek.
«Mugimendu taktikoa»
LAB ez da zerga sistema aldatzea proposatu duen lehena. Joan den ostiralean, Confebaskek proposatu zuen sozietate eta errenta zergak igotzea, Eusko Jaurlaritzak hartu beharko duen zorra ordaintzeko. Patronalaren arabera, proposamena «herrialdearekiko eta pertsonekiko konpromiso zintzo bati dagokio, jabetuta ahaleginek krisia ondoen jasaten ari direnen bizkar egon behar dutela, enpleguak eta mozkinak mantentzen dituztenen eta errentarik handienen bizkar».
Proposamenaren xehetasunak falta zaizkion arren, Aranburuk ziurtatu du «tranpatia» dela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresaburuen elkarte nagusiak plazaratutakoa.
Batetik, denbora mugatu baterako zerga igoera da, «eta sistemaren egiturazko aldaketa behar dugu». Bestetik, LABek ez du ahaztu «EAJ-Confebask bikoteak zer jarrera izan duen krisian, enpresa handien interesen mesedetan, eta pertsonen bizitza erdigunean jarri gabe». Horregatik, patronalarena «mugimendu takti- ko bat» iruditu zaio Aranbururi.
Koronabirusa
LABek aberastasun zerga sortu nahi du, eta errentarena berregin
Egiturazko zerga erreforma bat proposatu die Nafarroako Gobernuari eta hiru diputazioei. Garbiñe Aranburuk adierazi du Confebaskek eskatutako aldaketak «tranpatiak» direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu