LAB sindikatuak argi-ilunak ikusten ditu lurraldeko hitzarmenei lehentasuna ematen dien dekretuan

Sindikatuak aurrerapausotzat dauka «bertako hitzarmenei lehentasuna ematea». Baina beldur da patronalak ez ote duen erabiliko langileentzako itun onuragarriena lehenesteko irizpidea itunak auzitara eramateko. CEOEk gogor kritikatu du Espainiako Gobernua.

LAB, Garbiñe Aranburu
Eskuinean, Garbiñe Aranburu, LAB sindikatuko koordinatzailea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irune Lasa.
2023ko abenduaren 20a
18:05
Entzun

Atzo onartu zuen Espainiako Gobernuak lurraldeko hitzarmen kolektiboei lehentasuna emateko dekretua. Horrela bete zuen Pedro Sanchezen gobernuak haren inbestidurarako EAJrekin hitzartutakoa. ELAk atzo bertan txalotu zuen dekretua, eta «garaipentzat» jo.

LAB sindikatuak, berriz, gaur esplikatu du «argi-ilunak» ikusten dizkiola dekretuari. «Urrats bat da bertako hitzarmenei lehentasuna ezartzea. LABek behin baino gehiagotan aldarrikatu du euskal langileok gure lan baldintzak bertan erabaki ahal izateko eskubidea». Baina sindikatuaren ustez, dekretuak modua ematen du «bertako negoziazio kolektiboak estatukoaren mende jarraitzeko».

Izan ere, dekretuan jasotzen da «langilearen aldekoagoak» izatea dela lurraldeko hitzarmenek estatukoen gainetik lehentasuna izateko baldintza. Eta hor arriskua ikusten du LABek. «Euskal Herriari dagokionez bertako hitzarmenetako lan baldintzak oro har hobeak diren arren, eztabaida juridiko zabala izan daiteke onuragarriagoa zer den eta zer ez, eta horrek atea ireki diezaioke patronalak hain gustuko duen judizializazioari, eta segurtasun juridikorik ezari».

Hala ere, LABen aburuz, «testuinguru berriak aukera emango du bertako negoziazio kolektiboa babesteko eta jada estatalizatu diren eremuetan hitzarmen propioak berreskuratzeko».

CEOE, haserre

Madrilen, berriz, Espainiako CEOE patronalak –Confebask hartako kidea da– agiri bat atera du gaur, lurraldeetako hitzarmenei lehentasuna ezarri izana gaitzesteko. «Erabat arbuiatu» du, «aurrez abisatu gabe» eta «elkarrizketa soziala mespretxatuta» onartu delako.

ANTONIO GARAMENDI, CEOE
Antonio Garamendi, CEOE patronaleko presidentea.

CEOEren arabera, Espainiako Konstituzioak berak biltzen du negoziazio kolektiboan hainbesteko pisua duten aldaketak eragile sozialekin kontsultatzeko agindua. Aldaketa horiek ez ziren sartu Madrilgo gobernuak, patronalak eta sindikatuek egindako azken lan erreforman, zeina CEOEk onartu baitzuen «derrigorrezkoa zelako Europako funtsak jasotzen jarraitzeko».

Eta orain, «gobernuak paso egin du elkarrizketa sozialeko akordioez», patronalaren ustez. «Elkarrizketa sozialerako ezinbestekoa den leialtasuna eta konfiantza falta direla erakusten du horrek». Horrez gain, lurraldeetako hitzarmenak lehenesteak, CEOEren arabera, Espainiako merkatu batasunaren aurka egiten du. «Beraz, akordio politiko horrek Espainiako nazio kohesioa eta lehiakortasuna hondatuko ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.