Sindikalismo abertzaleari bidea ixteko beste saio bat atzera bota du Frantziako Kasazio Auzitegiak. Aurretik STC korsikarrarekin egin bezala, abenduko hauteskunde sindikaletan lehiatzeko debekua kendu dio LABi. Euskal Irratiek aurreratu zuten notizia atzo arratsaldean, eta LABeko iturriek baieztatu egin zioten BERRIA-ri. Gaur emango du bere balorazioa sindikatu abertzaleak.
LABi «langile ez-euskaldunak diskriminatzea» leporatu zion Bordeleko epaitegi batek, CGTk aurkeztutako salaketa baten haritik. Epaitegiak argudiatu zuen LABek «izaera erregionalista» duela, euskarari lehentasuna ematen diola, hala mintzo ez direnak bazter uzten dituela eta soilik Euskal Herrira mugatzen dela: «Ez ditu betetzen legeak jasotzen dituen ordezkaritza irizpideak». Auzitegiaren arrazoiak ulertezinak iruditu zitzaizkion LABi, eta Kasazio Auzitegira jo zuen.
Irailean, gisa bereko helegitea zuen Korsikako STC sindikatuaren hautagaitza baimentzea erabaki izanak esperantza eman zien LABeko kideei. Bi salaketak Parisko abokatu berak defendatu zituen, Slim Ben Achourrek.
CGTk ez ezik, STCren aurka CFDT, FO eta CFTCk ere jo zuten. «Enpleguak korsikarrentzat izatea» lortu nahi duenez, langile guztiak babesteko asmorik ez zuela argudiatu zuten sindikatu horiek. Argudioak atzera bota zituen Kasazio Auzitegiak, STCk «Errepublikaren balioen aurka legez kontra ezer egiten ez duelako». STC sindikatu abertzalea da, eta uharteko langile elkarte handiena bilakatu da azken urteotan.
Bretainiako saioa
Korsikan eta Ipar Euskal Herrian baino indar txikiagoa du sindikalismo abertzaleak Bretainian, baina hara ere heldu dira sindikalismo jakobinoaren adarrak. 2012an, CGT saiatu zen SLB Bretainiako Langileen Sindikatua lehia sindikaletik kanpo uzten. Kasu horretan, ordea, auzitegiek ez zuten onartu sindikatu komunistaren eskaera, eta SLBri kalte-ordain bat ematera behartu zuten.
LABek hautetsien babesa jaso du azken asteotan, baina baita CGTko kide askorena ere. Euskal Herriko adarrak azaldu zuen ez zuela zerikusirik salaketarekineta Paristik abiatua zela azaldu zuen.
Hauteskundeei garrantzi handia eman die LABek, Ipar Euskal Herriko enpresa gehienak gisa horretakoak izanik, sindikatuen ordezkagarritasuna jokoan baitago. «Ordezkatzaile» izateko, bozetan %10 lortu behar da. Akordio bat izenpetzeko, %30 behar da, eta oztopatzeko, %50. Gaur egun, CGT eta FO ez dira %50era heltzen, eta ez dituzte CFDT, CFE-CGC eta CFTCk izenpetutako akordioak zalantzan jartzen ahal. LABen iritziz, sindikatu abertzaleak lortuko dituen bozekin posible da Ipar Euskal Herrian gehiengo berriak lortzea. Gainera, azken lan legeak lehentasuna eman die enpresa barruko akordioeisektoreetan lortutakoen aitzinetik.
LAB lehiatu ahalko da Ipar Euskal Herriko hauteskunde sindikaletan
Frantziako Kasazio Auzitegiak atzera bota du «langile ez-euskaldunak diskriminatzeagatik» Bordeleko epaitegi batek ezarri zion debekua. Aurretik STC korsikarrari kendu zioten debekua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu