Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata propioa lortzeari buruzko eztabaida puri-purian dago, eta LABek hari buruzko «ekimen berriak» iragarri ditu epe motzerako. Iragan astean, ELArekin batera, haren aldeko HEL herri ekinaldi legegile bana aurkeztu zieten Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari, eta «presioa areagotzen jarraitzeko» asmoa dutela esan du.
Igor Arroyo LABeko koordinatzaile nagusiak argi du gutxieneko soldata propioa ezarriko duen lanbide arteko akordioa egingarria dela, eta hura negoziatzeko esparru formala baino ez dela falta. Sindikatuen arteko adostasun giro bat ikusten du, gainera, eta horrek haren itxaropena elikatu du. CCOO auzia jorratzeko mahai batera deitzeko prest agertu zen iragan astean, eta Eusko Jaurlaritzak esan zuen prest dagoela eskaera errazteko beharrezkoa den guztia egiteko.
«Torres sailburuak esan zigun mahai propio bat behar dela gaia jorratzeko, Elkarrizketa Sozialaren mahaitik kanpo egongo dena»
IGOR ARROYOLABeko koordinatzaile nagusia
Alde horretatik, gehitu du gaur egun soldataren pilota patronalaren teilatuan dagoela, eta hura dela «oztopo bakarra». Halaber, gogoratu du 2020ko greba orokorraren ondoren gaia mahai gainean jarri zutenean Confebaskek ezetz esan zuela. Bide horretan Jaurlaritzaren babesa positiboa dela iritzi dio, baina gogoratu dio hark ere badituela etxeko lanak egiteko bere azpikontratetan: «Enplegatzaile den heinean, berak ere bermatu beharko luke gutxieneko hori. Esaterako, zahar etxeetako langileek 1.600 eurotik behera irabazten dute».
Erlazionatuta
Esparrua zein izan daitekeen azaltzen jarrita, zehaztu du Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin bildu zirenean hark onartu ziela Elkarrizketa Sozialeko mahaia ez zela aproposa. ELAk eta LABek ez diote zilegitasunik ematen mahai horri, eta horregatik esan ziela Torresek gutxieneko soldata propioaren gaia jorratzeko «mahai propio» bat osatu beharko litzakeela.
50.000 afiliatutik gora
Otsailaren 25ean Irungo Ficoba aretoan (Gipuzkoa) egingo duten Biltzar Arteko Batzarraren aurkezpenean eman ditu Igor Arroyok azalpen horiek. Biltzar horretan, ekosozialismoa izango da eztabaiden ardatza, eta azken urteetako lan ildoak aztertuko dituzte. Era berean, LABek bere ikurra ere aldatu du, eta lelo berri bat gehitu dio: «Euskal Sindikalismo Eraldatzailea».
LAB azken hiru urteko ziklo «oso positibo» baten ondoren iritsiko da Ficobara. Hala deskribatu du behintzat Izaskun Garcia sindikatuko antolakuntza idazkariak. LABek udaberrian igaro zuen 50.000 afiliatuen langa, eta goitik jarraitzen du: «50.629 izatera iritsi gara, 2021ean baino %9,7 gehiago [46.138 zituen orduan] eta 2014an baino %27,7 gehiago [39.664]».
Ordezkari kopuruari dagokionez, Hego Euskal Herriko bigarren sindikatua da gaur egun ere. 2023 amaieran CCOO gainditu zuen, eta aurretik jarraitzen du. Orain 5.187 ordezkari ditu, guztien %19,80; eta CCOOk, 5.134 (%19,60). Ordezkari gehien ELAk du —9.357 eta %35,72—, eta UGT da laugarren sindikatua: 3.752 (%14,32). Garciak nabarmendu du bigarren postu horri eusteaz gain EAEko bigarren sindikatu bezala finkatu dela LAB, eta garrantzi berezia eman dio Arabako hirugarren sindikatu bihurtu izanari, UGTren aurretik.