Sindikatuak

LAB: "ELA da gure aliatu naturala"

Itun kolektiboen inguruko defentsan CCOO eta UGTrekin duten jarrera komuna "unean unekoa" dela esan du Garbiñe Aranburu negoziazio kolektiboko LABeko arduradunak. UGT eta CCOOrekin batera LAB "gehiengo sindikal berria" osatzen ari zela esan zuen atzo ELAk.

xabier martin
2013ko ekainaren 27a
15:33
Entzun

Uztailaren 7ko ultraaktibitatearen amaierak eragin duen muturreko egoerak baliogabetzera doazen itun kolektiboen auzian, ELA eta LABen jarrera kontrajarriak ekarri ditu. Estrategia desberdinen talkak elkarri egindako kritika eta kargu hartzeak eragin ditu, batez ere metalgintzaren sektorean. LAB bat etorri da CCOO eta UGT sindikatuekin proposamen bateratua egiteko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mahaietan; ELA kanpoan geratu da, enpresa hitzarmenak lehenesten dituelako, itun kolektiboen gainetik. Erreformak epresa itunak lehenesten dituela eta, Adolfo Muñozen sindikatua enpresetan antolatzeko estrategiarekin ari da, itun kolektiboek jadanik derrigorrez betetzeko gutxienekoa finkatzeko gaitasunik ez dutela sinetsita. LAB, CCOO eta UGT, berriz, herrialdeko hitzarmenek finkatuko luketen gutxieneko hori sektoreko enpresa guztietan derrigorrez bete dadin klausularen bila dabiltza.

Eta testuinguru horretan, ELAk gogor eraso egin zien atzo CCOO eta UGTri, sindikatu horiek Euskal Herriaren barruan eta Euskal Herritik kanpo duten jarrera desberdinak direla eta. Espainiako metalgintzaren ituna babestu eta indartu dutela egotzi zien, itun horrek euskal hitzarmenentzat mehatxu argia dela gogoratuz —hemengoak berritu ezean Espainiakoan sar daitezke euskal langileak, lan baldintzak nabarmen okertuta—eta gero herrialdeko itunen defendatzaile gisa "lotsarik gabe" azaltzen direla. Lan baldintzen murrizketa "errazten" duten sindikatuak direla esan zuen ELAk, "bake soziala bermatuz". "Hori da LABekin batera gehiengo sindikal berria", gaineratu zuen ELAk.

Garbiñe Aranburu LABeko negoziazio kolektiboaren arduradunak "unean uneko" bat egiteaz hitz egin du gaur CCOO eta UGTrekin egindako metaleko proposamen bateratuari erreferetzia eginez. LABen "aliatu naturala" ELA dela garbi utzi nahi izan du. Metalgintzan sortu den egoerak ez du esan nahi Aranbururen ustez, "bi bloke" daudela, ELA batetik eta beste guztiak bestetik. Aitzitik, "lan harremanen esparru berria eraikitzeko" ELA da LABen aliatua.

LABeko arduradunak berriro gogorarazi die alderdietako ordezkariei (Eusko Legebiltzarrean egin ditu adierazpenak) uztailaren 7tik aurrera lan harremanen "desauratzea" sortuko dela, eta horrek "euskal ekonomiari kalte" egingo diola. "Enpresari gutxi batzuri besterik ez die mesede egingo". Lan gatazkek, oraindik ere beste koska bat gora egingo dutela ohartarazi du, "langileek euren eskubideak defendatzeko prest daudelako".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.