Ezkerreko oinarekin hasi du astea Kutxabankek. Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak 123.000 euroko isuna jarri zion atzo, leihatilan eskudirutan ordaintzeko zerbitzua kentzeagatik. Horrez gain, kutxa zerbitzua ez ematea eta «kontsumitzaileen eskubideen aurkako praktikak egitea» ere leporatu zioten bankuari. EKA Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketak eta erabiltzaileek jarritako erreklamazioaren harira iritsi zen zigorra. Joan den urteko maiatzean jarri zuten salaketa, eta ia urtebete ondoren heldu da ebazpena.
Leihatilan ordainagiriak sartu edo ordaintzeagatik komisio bat kobratzen zuen finantza entitateak. Hori salatu zuten kontsumitzaileek iragan urtean, eta, orduan, komisioa kobratu beharrean, eragiketa horiek leihatilan egiteko aukera kendu zuen Kutxabankek. Bada, salatzaileek erreklamatu zuten Kutxabankek bezeroei ez diela uzten bezero ez direnen diru sarrerak jasotzen, eta kendu egin duela leihatilan eskudirutan ordaintzeko edo kontu korrontean dirua sartzeko aukera. Kontsumobideren arabera, erabaki horrek «erabat urratzen ditu kutxa zerbitzuaren oinarrizko ezaugarrietako bat eta indarrean dagoen araudia». Ander Cornejo EKAko prentsa arduradunak «abusuzko praktikatzat» jo zituen.
Cornejok gehitu zuen finantza entitateak eskaintzen dituen zerbitzu asko Internet bidezkoak direla orain, eta kontsumitzaileen «kalterako» izan daitekeela hori. Batez ere, «pertsona helduen kalterako».
Horiek hala, bankuari ezarritako isunaz gain, Kontsumobidek agindu zuen isuna «argitara» ateratzeko, «eredugarritasuna» bermatzeko. Halaber, Cornejok halako urraketak «salatzearen garrantzia» azpimarratu zuen, eta «edozein zalantzaren aurrean» EKAko erreklamazio orriak erabiltzera animatu zituen kontsumitzaileak.
Ebazpenaren harira, Kutxabankek azaldu zuen ez duela helegiterik jarriko. Baina esan zuen COVID-19aren pandemian hartu zutela eskudirutan egindako eragiketak murrizteko erabakia, hots; «osasun segurtasuna bermatzeko», eta bankuko bezeroak lehenetsi zituztela horietarako. Are, azpimarratu zuten zerbitzu horiek «murriztu bakarrik» egin zituztela, eta, ez, «kendu». Finantza entitatearen arabera, 2022ko maiatzean berriro abian jarri zituzten zerbitzu horiek.
Kutxabanki 123.000 euroko isuna jarri diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu