Kutxabank enpresei begira dago, eta are gehiago sakondu nahi du haiekin duen lankidetza. Urteak dira bide horretan lanean dabilela, eta Anton Arriola bankuko presidenteak apustu hori berretsi du Deusto Business Alumnik antolaturiko hitzaldi batean: «Herri honen banku estrategikoa izateko, ez ditugu bakarrik mailegu hipotekarioak eman behar: enpresei finantzaketa eman behar diegu». Testuinguru horretan zehaztu du enpresetan inbertitzeko sorturiko Indar tresna jada hamabi enpresarekin harremanetan jarria dela eta bakoitza 100 milioi euro inguruko operazioa litzakeela.
«Herri honen banku estrategikoa izateko, ez ditugu bakarrik mailegu hipotekarioak eman behar: enpresei finantzaketa eman behar diegu»
ANTON ARRIOLAKutxabankeko presidentea
Hurrengo hiru urteetan, Kutxabankek %35 handitu nahi du enpresei maileguan emaniko diru kopurua —3.000 milioi euro gehiago—, eta %30 handitu nahi du bezero diren enpresen kopurua. Horiek horrela, bi puntu igo nahi du mailegu hipotekarioekin zerikusirik ez duen negozio bolumena: gaur egun %37koa da, eta %39ra iritsi nahi du.
2022az geroztik enpresekin arrisku handiagoko operazioak egiten ari dela onartu du Arriolak, eta hurrengo hiru urteetan apustu hori areagotu egingo dutela: «Inbertsioak egin nahi dituzten enpresek alboan izan gaitzaketela ikusi behar dute. Arriskuak hartzeko garaian arinagoak izatea da asmoa. Are gehiago, hainbat exekutibok dagoeneko esan digute Kutxabank indarrez itzuli dela, eta eskertzen dute».
Aste batzuk dira bankuak hurrengo hiru urteetarako estrategia plana aurkeztu zuela, eta horretan Indarrek zer rol jokatuko duen argitu du. «Hitz egiten hasteko 100 milioi euro behar diren operazioez ari naiz, tamaina handikoez, alegia. Euskadin ez dago horrelako gaitasunik duen beste inor. Atzerriko funtsek baino ez». Azaldu duenez, atzerriko funts asko sartu dira euskal enpresetan, eta haien alternatiba izan nahi dute.
Lan gutxiago, buru arazo gehiago
Hitzaldia emateaz gain, Arriolak ikusleen zenbait galdera erantzun ditu. Bati erantzunez, hausnarketa polemiko bat egin du. Lanerako grinaz mintzatzen ari zela, ahalegina aldarrikatu behar zela esan du, eta buru gaixotasunekin nahastu du: «Lana funtsezkoa da edozein bizi egitasmotan: poz handiak eman diezazkizuke. Jendeak korrika gehiago egin eta ahalegin txikiagoa egiten duenetik, buru arazo gehiago daude. Ez dira murriztu». Iragan martxoan Bilboko Merkataritza Ganberan emaniko beste hitzaldi batean antzeko hausnarketa bat egin zuen.
Arriolak nabarmendu du erabakiguneak Euskal Herrian mantentzeko erreminta bat dela Indar, eta horrelako operazioak egiteko aliantzak behar direla. Argitu du harreman handia dutela Jaurlaritzarekin, zenbait familia aberatsen kudeatzaileekin, Stellum bezalako funtsekin... baita atzerriko funts batzuekin ere, «betiere gure ikuskerarekin bat baldin badatoz». Izan ere, argitu du Indarren asmoa operazio gutxi egitea dela, eta oso epe luzekoak.
Indarrek etorkizunean egin dezakeen ibilbideaz ere mintzatu da, eta ez du baztertu burtsara irteteko aukera. «Horrek esan nahiko luke gauzak oso ondo egin ditugula, pauso hori emateko zerbait eskaini behar baituzu», iragarri du. Dena den, gehitu du burtsara irtetea kapitala biltzeko aukera oso ona litzakeela.