Kutxabank Investment: bankuaren inbertsio pribatuaren azal berria

Adar hori da negozioa dibertsifikatzeko asmoaren oinarrietako bat, eta izena aldatu dio. %10,6 hazi zen lehen seihilekoan.

Kutxabankek ekainean Madrilen ireki zuen egoitza berria. KUTXABANK
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko irailaren 11
15:05
Entzun

Kutxabankek esana zuen laster banku eta inbertsio pribatuan haztea zuela helburu, eta, interes tasen eromena apaltzen hasia dela dirudien honetan, bide horiek urratzeko asmoz, bere azal berria aurkeztu du. Orain arte, Norbolsaren bitartez bideratzen zuen inbertsio pribatua, eta, aurrerantzean, Kutxabank Investment deituko da negozioren adar hori. Garai onean aldatu du, gainera, aurtengo lehen sei hilekoan %10,7 handitu baitu bere negozio kopurua.

Aldaketa garaian dago Kutxabank. Anton Arriola presidenteak iaz hainbatetan esan zuen garai gogor batzuen ondoren dibertsifikatzeko garaia zela. Dibertsifikazio horren bi norabide zituela eman zuen ulertzera, batetik Espainiako merkatu berrietara iristeko asmoa, Madril erpin hartuta —ekainean egoitza berria ireki zuen han, 125 langilerekin—; eta bestetik, enpresa merkatuetan sartzea. Azken horretarako ibilgailua da Kutxabank Investment.

2024an mugimendu asko izan du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren, Andaluziako Gobernuaren, Iberdrolaren eta El Corte Inglesen bonuak jaulki ditu

Kutxabankek martxoan erosi zuen Norbolsaren erabateko kontrola izateko falta zitzaion zatia. %10 Caja de Ingenierosek zuen, eta %5, Laboral Kutxak. Erabaki logikoa zen, eta ezinbestekoa Kutxabank Investment eratu eta 2025-2027ko plan estrategikoan sartzeko. Bankuaren arabera, zerbitzu berriarekin bezero mota baten joera eta eskaerei erantzuten zaie, independentziaren eta gardentasunaren ikuspegitik ezaugarri bereizgarriak eskaintzen dituen inbertsio irtenbide batekin.

Eraikuntza, energia, lehengaiak...

Azken urteetan maileguen interes tasa handiek asko puztu dituzte bankuen emaitzak, baina Norbolsak ere emaitza onak izan ditu. Iaz, esaterako, 2.500 milioi eurotik gorako eskaria jaso zuen, 2022an baino %56 gehiago. 2024an, berriz, eraikuntzaren, energiaren, lehengaiek, elikaduraren eta luxuzko telekomunikazioak izan ditu begiz jota. Enpresak berak onartu zuen 2024rako perspektiba txostenean.

Aurten, izan ere, mugimendu asko egon da Norbolsa-Kutxabank Invesmenten. Esaterako BNP Paribas, Nestle eta Mercedes atera dira eta haien ordez MedioBanca, Cie Automotive, Carlsberg eta Merlin Properties sartu. Zor jaulkipen ugari egin ditu, hala pribatuak nola publikoak. Pribatuan, esaterako, Enagas, Iberdrola, Redeia eta Iberdrolaren bonuak jaulki ditu; eta pribatuan, Andaluziako Juntarenak eta Eusko Jaurlaritzarenak. Azken horri dagokionez, 600 milioi euro jaulki zituzten bonuetan, eta, Kutxabanken arabera, 4.000 milioi euroko eskaria ere izan zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.