Kutxabanken gaineko kontrolari eusteko erreserba funtsa bete du BBK-k

2015tik 2022ra 231 milioi euro baztertu ditu, eta, horrenbestez, ez ditu bankuaren akzioak saldu beharko. Diru horrekin egin behar die aurre Kutxabanken arazoei

Xabier Sagredo BBK banku fundazioko lehendakaria, atzo, Bilbon. RAUL BOGAJO / FOKU.
Iker Aranburu.
2023ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Etxeko lanak egin ditu BBK-k. Erreserba funts bat sortu behar zuen aurrerantzean ere Kutxabanken akziodun nagusi izango bazen, eta dagoeneko bete du, 2024ko azken epea baino bi urte lehenago. Azken urteetako irabaziz hornitutako funts horretan, 231 milioi euro sartu ditu, eta kapital horrekin egin beharko die aurre Kutxabankek arazoei, halakorik izanez gero.

«Egun garrantzitsua da BBKrentzat, baina baita Kutxabankentzat ere», ziurtatu zuen Xabier Sagredo BBK banku fundazioko presidenteak, atzo Bilbon egindako agerraldi batean. Harro azaldu zen bere garaian Kutxabanken akzioak ez saltzeko hartutako erabakiaz: «Ez zen erabaki erraz bat izan, baina bai erabaki zuzena».

Hitz horiek justifikatzeko,Deusto Business Schoolek azaroan jakinarazitako ikerketa bat gogorarazi du Sagredok. Horren arabera, BBK-ren ondarea 2.000 milioi euro txikiagoa zatekeen gaur egun, baldin eta 2016. urtean funtsa saihesteko akzioen %17 saldu izan balitu. Galera horretan zenbatu zituen, besteak beste,bere esku geratuko ziren akzioen balio galera —bankuen tituluekbehera egin dute—, eta Kutxabanken dibidenduetan izango lukeen galera.

Fernandezen dimisioa

Burtsaratzearen aldekoa zen, esaterako, Mario Fernandez Kutxabankeko orduko presidentea, eta beste bankuekin «Ferrari batean lehiatzearekin» alderatu zuen. Baina haren iritziak ez zuen babes politikorik, eta Fernandezek dimisioa eman zuen 2014ko azaroan. Haren ordezkoek, Gregorio Billalabeitiak eta Anton Arriolak, ez dute auzitan jarri Kutxabanken akzio guzti-guztiak hiru sortzaileen artean banatzeko estrategia.

Espainiako Bankua eta Europako Banku Zentrala gainbegiratzaileen aldetik ere ez du presiorik antzeman, Kutxabankek aise gainditu dituelako egin dizkioten estres azterketak, bere lehiakideek baino kapital handiagoarekin. «Espainian kaudimen gehien duen bankua», Sagredoren hitzetan.

Hain zuzen ere, Espainiako Bankuaren eta EBZren eskua dago BBK erreserba funtsa sortzera behartu zuen legearen atzetik. 2008ko finantza krisiak Espainiako banku sistemaren eta bereziki aurrezki kutxen ahulezia erakutsi ondoren, fusioen bitartez neurri handiagoko erakundeak bultzatu zituzten, eta kapitala burtsan bilatzeko gai izatea hobetsi zuten.

Haien eraginez egindako banku fundazioen Espainiako legearen arabera, banku baten akzioen erdiak baino gehiago dituzten fundazioek —aurrezki kutxa ohiek— erreserba funts bat sortu behar dute, bankuak arazorik badu erreserba horrekin estali ahal izateko. Azken finean, burtsan ez egoteagatik ordaindu beharreko bidesari bat da erreserba funtsarena.

Orain arte BBK izan da horretara behartua izan den bakarra, baina Aragoiko Ibercajak ere hala egingo duela iragarri zuen iaz.

Kutxabanki dagokionez, eztabaida izan zen funtsa nork osatu behar zuen: hiru akziodunek ala soilik akzioen gehiengoa zuenak —BBK-k %57 ditu, Kutxak %32, eta Vital fundazioak %11—. Espainiako Bankuak argudiatu zuen hiru kutxak batera ari zirela eta, horregatik, 700 milioi eurotik gorako funtsa osatu behar zutela hiruen artean. Baina EAJren presio politikoek emaitza izan zuten, eta, azkenean, BBKri soilik eskatu zioten, eta, ondorioz, askoz txikiagoa izan da.

63 milioi iaz

2015ean ekin zion BBK-k bere erreserba funtsa sortzeari. 2021a 168 milioirekin amaitu zuen, eta, orain 231 milioi jada badituenez,2022an 63 milioi baztertu zituenhorretarako.

Batez ere Kutxabankek banatzen dizkien dibidenduekin hornitu du BBK-k funtsa; 2022ko emaitzen kontura, esaterako, 113 milioi banatu dizkio Kutxabankek. Edonola ere, fundazioak baditu beste diru iturri batzuk, eta horiei esker azken urteetan bere gizarte ekintzari eutsi ahal izan diola aldarrikatu du Sagredok, baita EBZren aginduz bankuek irabaziak banatzerik izan ez dutenean ere. Gainera, gizarte ekintzaren aurrekontua egonkortu egin du, garai bateko gorabeheretatik urrun.

Aurrerantzean funtsik hornitu behar ez duenez, Sagredok iradoki du enpresen parte hartze gehiago erosiko dituztela, hartara beren finantzaketa iturriak handitzeko. 2022 amaieran 200 milioi euroren inbertsioak zituzten, eta aurki «berri onak» izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.