Dirudunen aktiboen kudeaketaren arloa nabarmen handitu nahi du Kutxabankek, eta, horretarako, 2024-2028 urteetarako plan estrategikoa onartuko dute datozen asteetan. Fineco da dirudunen ondasunak kudeatzeko Kutxabanken adarra, eta 2028an 10.000 milioi euroren ondasunak kontrolatzea espero du; egun halako bi. 2023an %16 hazi da Kutxabanken alor horren bolumena.
Bezero gehiago erakarri behar ditu Kutxabankek helburu hori lortzeko, eta iragarri du horretarako baliabideak «nabarmen» handituko dituela, bai enplegatuen aldetik, bai teknologia aldetik. Eskaintzak ere hobetuko ditu, eta adierazi dute eremu geografiko gehiagotara zabaltzeko asmoa ere baduela.
Finecoren %100a bereganatzea ere bada Kutxabanken helburua. Akziodun txiki batzuk ditu Finecok, eta Kutxabankek esan du horien jabetza erosteko asmoa duela. 2009an sartu zen Kutxabank banku pribatu horretan, akzioen %60 erosita; egun %84 du jabetzan.