Maileguak dira bankuen ohiko negozioa eta haien diru sarreren iturri nagusia. Baina hortik kanpo ere aritzen dira, aurrezkien kudeaketan, eta horretan hazten jarraitu nahi du Kutxabankek. Helburu hori betetzeko, Kutxabank Wealth Management izeneko saila sortu berri du, eta han bilduko ditu banka pribatua (ondare handien kudeaketa) eta inbertsio funtsekin lotura duten arloak. Azken atal hori kudeatu duenak zuzenduko du sail berria, Joseba Oruetak (Getxo, Bizkaia, 1966).
Kutxabankeko administrazio kontseiluak Wealth Management izeneko unitatea sortzea erabaki du gaur arratsaldean. Banka pertsonala, pribatua eta Kutxabankek premium banka deituko duena bateratuko eta koordinatuko ditu horrek, bai eta sare horiei produktuak ematen dizkieten arloak ere: Kutxabank Gestion, Fineco Gestion, Baskepensiones, Kutxabank Empleo, eta aseguru adarreko produktu batzuk.
Unitate berriak bankuaren bezeroen 38.000 milioi euroren baliabideak kudeatuko ditu, baina Kutxabanken asmoa da bezero eta baliabide gehiago erakartzea, eta, hain zuzen ere, horretarako sortu dute Wealth Management. Bankuak uste du «espezializazio handiagoko aholkularitza» eskaini ahal izango diela bere bezeroei. «Ikuspegi globala eta bateratua emango dio negozioari, ondare handiko soslaietara egokitutako inbertsio produktu berri jakinaz bateratzeaz gain».
Weath Management sailaren zuzendaria, Joseba Orueta, 2014. urteaz geroztik da Kutxabank Gestioneko kontseilari ordezkaria. Haren eskutik, Kutxabankek bi halakotu egin du inbertsio funtsetara bideratzen den aurrezkiaren kuota azken hamar urteetan. Ia 300.000 bezeroren aurrezkiak kudeatzen ditu Kutxabank Gestionek. Jorge Morquechok hartuko du Oruetaren tokia.
Ikusi gehiago
Sail bat sortzeak beste mugimendu batzuk eragin ditu Kutxabanken buruzagitzan. Daniel Irezabal Banca Privada Kutxabank Finecoko kontseilari ordezkari bilakatuko da uda ondoren, Enrique Saezen ordez. Banka pribatua ondare handia dutenen aurrezkiak kudeatzen dituen atala da, eta horretan aritu izan da Irezabal Banca Marchen, Sabadellen, UBSn eta beste hainbatetan.
Irezabalen helburua da aberats horien aktiboak orain halako bi izatea eta 10.000 milioiren langara iristea. Hori lortzeko, epe ertainean Finecok bi halakotu egingo du langile kopurua.
Ondareen kudeaketako espezializazioa handitu nahian, premium banka deiturikoari dagokion atala sortu du Kutxabanek, 400.000 eta milioi bat euro artean duten bezeroei zerbitzu «pertsonalizatuagoa» emateko.