Enpresak

Kutxabankek presidente berria du, baina ez du aldatuko estrategia nagusia

Anton Arriola durangarrak ordezkatu du Gregorio Billalabeitia. Kutxabanken «berezitasunari» eta errotzeari eutsiko diola ziurtatu du presidente berriak

Anton Arriola, Kutxabankeko lehendakari berria. KUTXABANK.
Iker Aranburu.
2022ko azaroaren 30a
11:41
Entzun

Lemazain berria du Kutxabankek, baina lema norabidez aldatzeko asmo handirik gabe. Bankuaren independentziari eutsi ahal izatea izango da Anton Arriola Boneta presidente berriaren helburu nagusia, EBZ Europako Banku Zentralak sustatzen dituen burtsaratzeei eta fusioei izkin eginez.

EBZren beraren onespena jaso zuen Arriolak duela aste gutxi, eta gaur eskuratu du Kutxabankeko administrazio kontseiluaren aho bateko babesa. Gregorio Billalabeitia ordezkatuko du (2014-2022), eta hark bezala, kontseilari ordezkari baten esku utziko du eguneroko jardueraren kudeaketa —Javier Garcia Lurueña da gaur egun—, eta bera arduratuko da estrategia gidatzeaz, bankua ordezkatzeaz eta komunikazioaz.

Izendatua izan ondoren egindako hitzaldian, Arriolak eskertu egin du kontseiluaren konfiantza, eta ziurtatu du Kutxabankek «etorkizun oparoa» duela, «egungo egoera geopolitikoak ekar ditzakeen zailtasunen gainetik».

Agiri batean, Billalabeitiaren aroa «arrakasta nabarmena» izan dela goraipatu du Kutxabankek, bankuak kaudimen maila handiari eutsi diolako, errentagarritasuna areagotu duelako, eta «inguru sozialarekiko hurbiltasuna» mantendu duelako.

Kontrola eta kaudimena

Ez da aldaketa sakonik espero Arriolarekin. Bankuaren «berezitasuna» gordetzeko konpromisoa hartu du, eta «Euskadin errotuta» jarraituko duela agindu. Beste modu batera esanda, mugimendu handirik ez dela izango bere agintaldian, eta Kutxabanken sorreraren atarian eta lehen urratsetan izandako eztabaida politiko eta sozial mingotsa ez dela berriro zabaldu beharko.

Billalabeitiaren taldeak helburu nagusi bat izan du: bankuaren hiru bazkideei (BBK, Kutxa eta Vital) ahalik eta etekin handiena ematea, hartara eutsi ahal izan diezaioten entitatearen gaineko kontrolari, eta gainetik kenduburtsara ateratzeko presioa.

Bankuaren gainbegiratzaileak, EBZk, baldintza gogor batzuk jarri dizkie merkatura irten nahi ez duten bankuei: kaudimen handia erakutsi behar dute, eta erreserba funts bat osatu behar dute, arazoak izatekotan hortik tira egiteko.

Kaudimen aldetik Europako banku sendoenetako bat da Kutxabank, %17,1eko kapital ratioa baitu azken datuen arabera. Funtsari dagokionez, BBK da poltsa hori bete behar duena, hura baita akziodun nagusia (%57). Kutxarenak dira akzioen %32, eta Vitalenak, berriz, %11.

BBK-k 238 milioi euroren poltsa bat batu behar du, eta aurki 200 milioi eurora iritsiko da, besteak beste, bankuak bere irabazien %60 bere hiru akziodunei banatu ahal izan dielako.

Irabaziak, 2019koetara hurbiltzen

Aurten ere mozkin oparoak banatuko ditu Kutxabankek. Urteko lehen bederatzi hilabeteetan 250 milioi euro irabazi ditu, iaz epe horretan baino 74 milioi gehiago (+%42), eta 300 milioi euroren muga gainditzeko moduan dirudi, lehen aldiz 2019az geroztik.

Interes tasen igoerak mesede egiten dio bankuen ohiko negozioari —aurrezkia biltzea eta hari ordaintzen diotenaren gaineko interesa kobratzea bere maileguetan—, baina bada irabazien kontua apalduko duen faktore bat: bankuen gaineko zerga berezia. Interesek eta komisioek ematen dizkioten irabazien %4,8 ordaindu beharko ditu 2022an eta 2023an. Kutxabankek kalkulatu du 110 milioi euro inguru ordaindu beharko dituela.

Akzioen salmenta

Azken urteetan Kutxabankek saldu egin ditu euskal enpresetan zituen akzioetako asko (Euskaltel, Ibermatica, Neinor...), bere irabaziak handitzeko, baina baita EBZk horien truke eskatzen dituen hornidurek kapital asko kontsumitzen dutelako ere. Bide hori nahiko agortuta dago, eta espero da Kutxabankek jarraitu egingo duela Iberdrolaren (%1,7), CAFen (%14) eta Petronorren (%14) akziodun izaten. Salmenta horiek kritika ugari eragin dizkiote Kutxabanki, euskal enpresen deserrotzea eragiten dutelakoan.

Kritikak ez zaizkio falta izan mailegu sortak putre funtsei saltzeagatik. Horietako bat izan zen uztailean egindakoa: kobratzeko arazoak dituzten 2.500 mailegu hipotekario Irlandako Zima FInances funtsari saldu zizkion. Stop Kaleratzeak taldeak urrian salatu zuenez, salmenta horren ondorioz, zazpi familia etxebizitza galtzeko arriskua zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.