Kutxabankek onartu du interes tasa handiak oztopo bilakatzen ari direla

Berankortasunean ez du sumatu eraginik, baina kreditu eskaerak uzkurtu egin direla nabarmendu du, eta hori kaltegarria dela euskal ekonomiarentzat. Lotutako gordailuen interesa %3raino igo du

Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko kontseilari delegatu berria. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Europako Banku Zentralak %4,5eraino igo zituen interes tasak atzo, eta hain goian egotea bankuentzat ere arazo bihurtu dira dagoeneko. Haien zenbakiak izugarri puztu dituen arren, kreditu eskaera berriei kalte egiten dietela sumatu dute. Hala onartu zuen Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko kontseilari ordezkari berriak: «Kreditu jarduna uzkurtzen ari da tasengatik. Jardun ekonomikoa moteldu daiteke, eta hori ez da ona. Beherago egoteak mesede egingo liguke». Era berean, oraingoz behintzat, berankortasun tasan —%1,38koa da— ez dutela sumatu esan zuen, «enpleguak eutsi egiten diolako».

Bilboko Merkataritza Ganberan emaniko hitzaldian eman zituen azalpenak, eta onartu zuen azken igoera izatea espero duela, «familiek atseden finantzarioa har dezaten». Tasa handien eskutik, gordailuen interesa hobetzeko eskatu diete erakunde publikoek bankuei. Ruiz de Gordejuelak beste behin azaldu zuen Kutxabankek politika bezeroei neurrira eginiko aurrezki produktu pertsonalizatuak eskaintzea dela: gordailuak, inbertsio funtsak...

Gordailuen errentagarritasuna, baina, interes datuen bitartez neurtzen da, eta kazetariek estututa, eman zuen: «Lotutako gordailuetan baldintza jakin batzuk betez gero, %3 ere eskain dezakegu egun». Aste batzuk dira eskaintza hori egiten ari direla, eta 100.000 euroko muga du. Aldiz, ez zuen ezer aipatu komisio edo antzekoak jaistearen inguruan.

Hitzaldiaren muina Kutxabanken etorkizuneko erronkak ziren, eta, alde horretatik, sei aipatu zituen: enpresentzako zerbitzuak, kontsumoa finantzatzeko produktuak, aseguruak, trantsizio energetikoa eta banka pribatua zein inbertsioetakoa. Azken horien harira, zehaztu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGaren %13ak eta enpresen %50ek harreman zuzena dutela Kutxabankekin: «Enpresa askotan, baina, ezgara lehen bankua, eta hor pauso bat eman nahi dugu».

Espainiako merkatua

Kutxabankek bolada oso gozoa bizi du. Aurtengo lehen seihilekoan %53 handitu ditu irabaziak, baina argi du are gehiago non hazi baduela. Batetik enpresak dira helburua, eta, bestetik Espainiako eta Kataluniako merkatua. «Plaza interesgarri asko daude, Madril, Bartzelona, Malaga... Hor bagaude, baina presentzia handitu nahi dugu». Egun kreditu inbertsioaren %60 Euskal Herritik kanpo du Kutxabankek, eta Espainiako kuota hipotekario berriaren %10 lortzetik gertu dago.

Bankuaren hobekuntza tartearekin jarraituz, «ospe txarra» aipatu zuen, eta, haren ustez, sektore osoari eragiten dion arazo bat dela. «Jendeak iritzi txarra du guri buruz. Pedagogia eta autokritika gehiago behar dugu hori sendatzeko», nabarmendu zuen. Gordejuelaren iritziz, konponbidea «pertsonalizazio» handiago batean dago, eta esan zuen ez dagoela haren eta digitalizazioaren arteko talkarik.

Azkenik, gogoratu zuen Kutxabankek dibidenduen %60 bere bazkideen —BBK, Kutxa eta Vital— fundazioei bideratzen dietela eta ez dutela arazorik izango batez besteko horri eusteko. «Beste %40 hori nahikoa da erreserbei eusteko. Eta batezbesteko horiek aldatu beharko balira, ez genuke arazorik izango adosteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.