Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegiak Kutxabankek Errenteriako herritar baten hipotekari ezarritako IRPH indizea baliogabetu du, abusuzkoa izateagatik. Herritar hura hipotekaren ordainketan atzeratu zen, eta 2.900 euroko zorra pilatuta, babes ofizialeko etxebizitza galdu zuen, Kutxabankek kontratua bertan behera utzi ostean. Erabakiaren kontra egin ostean, epaitegiek Kutxabankek gutxienez bi abusuzko klausula ezarri zituela ondorioztatu zuten. Gipuzkoako Entzutegi Probintzialak epai hori berretsi eta Kutxabankek ezarritako klausulak baliogabetu zituen, baina etxegabetze prozesua ez zen eten.
Herritarrak, orduan, ezarritako IRPH Kutxak indizea ere abusuzkoa zela salatu zuen, eta azken kexa horri arrazoia eman diote orain epaitegiek. Kaleratzeak Stop Gipuzkoa eta IRPH Stop Gipuzkoa plataformek jakinarazi dute epaia, eta diotenez, IRPH indizea baliogabetu izanak herritarrak hipotekan atzerapenik ez zegoela aitortzea ekar lezake. Hala balitz, galdutako etxebizitza berreskuratu lezakete herritarrak eta bere alabak.
Bigarren aldia da epaitegi batek IRPH indizearen ezarpenaren aurka jotzen duela. Aurrekoan, Tolosan indize horrek kaltetutakoei eman zien arrazoia Justiziak, aurtengo maiatzean. Bi plataformek epaia “ospatu” eta “zekenak ez izan eta helegiterik ez jartzeko” exijitu diete Kutxabank, EAJ, PSE eta PPri. Aldi berean, epaia IRPHak kaltetutako gainerako familietara zabaltzea eskatu dute. Azkenik, Xabier Iturbe Kutxako presidentearen exijitu dute, “bere agindupean bidegabekeria gehiegi egin direla” iritzita.