Kutxabankek Madrilgo egoitza berria zabaldu du

Espainiako hiriburuan egiten duen negozioa handitzea du helburu bankuak. Egoitza berriak zazpi solairu eta 125 langile izango ditu.

Kutxabanken Madrilgo egoitza berria. JAVIER VALEIRO
Kutxabanken Madrilgo egoitza berria. JAVIER VALEIRO
Iker Aranburu.
2024ko ekainaren 13a
20:05
Entzun

Madril begiz jota daukate Euskal Herriko finantza erakundeek. Etxean daukaten merkatu kuota handitzea oso zaila daukate Kutxabankek eta Laboral Kutxak, eta kanpoan ari dira negozio bila. Espainiako hiriburua leku aproposa iruditzen zaie bezeroak erakartzeko, baita han interesak dituzten euskal enpresei zerbitzua emateko ere. Helburu horrekin, egoitza berria zabaldu du gaur arratsaldean Kutxabankek, Madril erdialdeko Claudio Coello kalean. Han izan dira Anton Arriola Kutxabankeko presidentea, Jose Luis Martinez Almeida Madrilgo alkatea eta beste 140 gonbidatu.

«Egoitza hazkunde etapa berri baten mugarria da», ziurtatu du Arriolak. Nabarmendu duenez, Espainiako hiriburuak hazkunde iragarpen onak ditu, eta horrek bultzada bat emango dio enpresen eta familien finantzaketan eta inbertsio bankan bezeroak lortzeari.

Egoitza berrian beste bulego batzuetan sakabanatuta zeuden zerbitzuak bildu ditu Kutxabankek. 125 langile izango ditu, zazpi solairutan banatutako bulegotan. «Jasangarritasun irizpideak aintzat hartuta duela gutxi erabat berritutako eraikin bat da», nabarmendu du.

Kutxabankek beste 65 bulego ditu Madrilen, eta han aritzen diren 450 langileek 161.000 bezerori eta 3.500 enpresari zerbitzua ematen diete. Bankuak 15.600 milioi euroren negozio bolumena zuen 2023 amaieran Madrilgo erkidego osoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.