Kutxabankek komisioak kenduko dizkie hamar bezerotik zortziri

Kontua eta txartela mantentzea doan izango da bezero gehienentzat, baina, horretarako, baldintza batzuk bete beharko dituzte. Urtarrilaren 15ean sartuko da indarrean erabakia.

Kutxabankek Bilboko Kale Nagusian duen egoitza berria. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Kutxabankek Bilboko Kale Nagusian duen bulegoa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko urtarrilaren 2a
12:15
Entzun

Bankuek bezeroei kobratzen dizkieten komisioen kudeaketan mugarri izan daitekeen erabaki bat hartu du Kutxabankek. Bankuak emaniko datuen arabera, kontu korrontearen erabilera arrunteko komisioak kenduko dizkie milioi bat bezerori, enpresa ez direnen «%80ri», haren arabera. Neurria hilaren 15ean sartuko da indarrean.

Baina zer komisio kenduko ditu zehazki? Bezero horiek erabat doan mantendu ahal izango dituzte kontuak eta Visa Dual txartelak, eta ezer ordaindu gabe egin ahal izango dituzte online transferentziak eta «txeke nazionaletako» sarrerak.

Zein bezerori kenduko dizkiote komisioak? 30 urtetik beherako guztiei, nomina helbideratua duten 34 urtera artekoei, eta pentsioa helbideratua duten 65 urtetik gorakoei. 34 eta 65 urte artekoek, berriz, bi baldintza bete beharko dituzte: nomina helbideratua izatea eta txartel bidezko bost erosketa egitea hiru hilean behin.

Interesen ordez, komisioak

Ikusi beharko da Kutxabanken erabakiak zer eragin duen beste bankuetan eta antzeko erabakien lehen pausoa den. Pandemiaren ondoren, interes tasak oso txikiak ziren garaietan, banku gehienek komisioak garestitu egin zituzten, eta banku erabiltzaileen elkarteek esana zuten haiek merkatzeko garaia zela.

Kutxabankek, esaterako, %52 handitu zuen komisioengatik eta aseguruen salmentagatik lorturiko dirua 2018-2021eko hirurtekoan.

Gaur iragarritakoa ez da Kutxabankek azkenaldian bezeroekiko arreta zuzenean harturiko erabaki bakarra. Abenduan, esaterako, opariak egiten hasi zen berriro 3.000 eta 18.000 euro arteko gordailuak kontratatzen dituzten bezeroei.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.