Kutxabankek kapitala handitu du, irabazien kaltetan

Urteko lehen sei hilabeteotan kapitala %11ra igo du, eta horniduretarako 257,9 milioi erabili ditu

2013ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Irabazien aurretik zuhurtasuna hobetsi du Kutxabankek 2013. urtearen lehen erdian. Urtarrilaren 1etik ekainaren 30era 48,3 milioi euro irabazi ditu BBK, Kutxa eta Vitalen bankuak, iaz epe horretan baino %45,8 gutxiago. Handitu egin ditu, ordea, kapitala eta hornidurak.

Kutxabanken ondarea nabarmen hazi da, 4.809 milioi eurora arte, eta kaudimena hobetzea eragin du: core capital ratioa (kapital nagusia) %10,1etik %11ra handitu da. Bankuak nabarmendu du arau berriek eskatzen dituzten kapitalizazio maila erraz gainditzen duela, eta lehiakide gehienek baino kaudimen handiagoa duela, «inongo laguntza publikorik jaso gabe». «Zuhurtasun» hori horniduretara zabaldu du bankuak: finantza aktiboek izan ditzaketen balio galera konpentsatzeko 259,7 milioi euro jarri ditu, eta zalantzazko maileguen %67,9 hornituta ditu, legeak eskatzen duena baino gehiago.

Irabazien jaitsierari garrantzia kendu dio Kutxabankek, nabarmendu baitu iaz lortutakoen %57 dagoeneko izan dituela sei hilabetetan. Iazko lehen bederatzi hilabeteetan 118 milioi euro irabazi zituen, baina urte amaierako 84,6 milioira jaitsi ziren. Izan ere, irabaziak izan zitezkeen sarrerak, 585 milioi euro, aktiboen balizko galerak estaltzeko erabili zituen iaz. 2013an aldaketa gutxi egin ditu bere estrategian, eta lehen hiruhilekoan 97 milioi gordetzea erabaki zuen. Hortaz, irabazi gisa 34 milioi euro izan zituen.

Kontrako aldean aurkitzen da, baina, berankortasun tasa. Aurtengo lehen sei hilabeteetan %10,21eko tasa erregistratu du; Cajasur alde batera utzita %7,56 bada ere. Nabarmentzekoa da iaztik gora egin dutela atzerapenek; %9,57ko tasa zuten guztira, eta, Cajasurren emaitza okerragoak baztertuz gero, %6,11 zen berankortasuna.

Sarrerek ere gora egin dute

Krisi ekonomiko garaian bezeroak erakartzea zaildu egiten bada ere, arlo horretan bere aurreikuspenak gainditu dituela ziurtatu du Kutxabankek. Uste baino aurrezki gehiago biltzearen truke 113.674 milioi euroko negozio kopurua lortu du 2013 urteko lehen erdian. Horietatik 62.454 milioi dagozkio bezeroen baliabideei. Sinatutako hipoteka berrien kopuruak, berriz, etengabe egin du behera azken hilabeteetan; urtearen lehen erdian, Hego Euskal Herrian sinatutako hipotekakiazko epe berean sinatutakoak baino %28 gutxiago izan dira. Kutxabank ez da joeraren salbuespen izan, eta hipoteka maileguak %16,5ean gutxitu ditu. Mailegu pertsonalek, ordea, gora egin dute, eta hori izan da iazko sarrerak hobetzearen arrazoietako bat.

Zerbitzu finantzarioekin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoako tokiari eutsi dio; orotara %38ko merkatu kuotari eutsi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.