Beren gizarte ekintza finantzatzeko muga estuak edukiko dituzte hurrengo hilabeteetan ere BBK, Kutxa eta Vital banku fundazioek. Bankuen presioari men egin dio Europako Banku Zentralak, eta onartu du irabaziak banatzeko debekua kentzea. Baina eskua gutxi ireki du: zuhurtziaren izenean, 2019ko eta 2020ko irabazien %15 soilik banatzea baimendu die, eta banku errentagarriei bakarrik. Bankuak ohituta dauden %40-50etik oso urrun dago hori.
2021eko irailean berrikusiko du EBZk bankuen irabaziei buruzko araudia, ordurako espero baitu pandemia kontrolpean egotea eta krisi ekonomikoa arintzen hastea. Ordura arte, bankuei gomendatu die irabaz dezaketen dirua erabiltzeko kapitala sendotzeko, mailegu usteletan izan ditzaketen galerak estaltzeko, eta maileguen fluxua ahal bezain irekita uzteko.
Kutxabankek ere bere irabazien erdiak banatu izan dizkie azken urteetan bere akziodunei—bankua sortutakoan fundazio bilakatu ziren hiru aurrezki kutxei—, eta asmo hori zuen martxoan, EBZk irabazien banaketa eten zuenean. 2019an 352 milioi irabazi zituenez, 176 milioi euro banatu behar zizkien bere akziodunei: %57 BBKri,%32 Kutxari, eta %11 Vitali. Orain horren %15 desblokeatzeko aukera izanez gero, 26,5 milioi euro inguru joango lirateke banku fundazioetara.
2020an diru gutxiago irabaziko du Kutxabankek, krisiaren ondorioei aurre egiteko hornidurak handitu behar izan dituelako. Irailera arte 160 milioi euro irabazi ditu; urtearen amaieran proportzio horretan jarraituz gero, 200 milioiren bueltan izango luke irabazia, eta horren %15 banatuz gero, 30 milioi joango lirateke bere akziodunetara.
«EBZk agindutakoa beteko dugu», esan diote BERRIAri Kutxabankeko iturriek. Urtarrilaren 15erako jakinarazi behar dio Kutxabankek banku zentralari zer asmo duen, eta debekatua du horren berri ematea harekin hitz egin aurretik.
Kutxabanken irabaziak dira banku fundazioen diru iturri nagusia, eta horrekin elikatzen dute beren egungo egitekoa: gizarte ekintza egitea, hain zuzen ere.
Baina azken urteetan beste diru iturri batzuk ere bilatzen aritu dira, Kutxabanken irabaziekiko erabateko menpekotasuna gutxitzeko. Gipuzkoa Donostia Kutxak, esaterako, CAFen %2 erosi zuen 2016ko abenduan. Aurten, berriz, BBK-k Iberdrolaren ia 400.000 akzio erosi zituen, 3,4 milioi euroren truke. Kutxabank bera akzioduna da CAFen (%14) eta Iberdrolan (%1,5).
BBKren funtsa
Bizkaiko aurrezki kutxa zenak izan ditzake arazo gehien dibidendu txikiarekin, 2024 arteko epea duelako 235 milioi euroren funts bat sortzeko. Espainiako Bankuak behartu du funts hori osatzera, Kutxabank burtsara ez ateratzearen truke —erabiltzekotan, Kutxabanken kapitala sendotzeko erabili behar du—. Horrez gain, ehun milioi euroko beste funts bat osatu du, inbertsioak egin eta beste diru iturri bat bermatzeko.
Arazo gutxiago izan ditzakete Kutxak eta Vitalek, aurreko urteetan jasotako diruaren zati bat erreserbatu ahal izan dutelako.
Joan den astean berritu zituen EBA Europako Banku Agintaritzak bankuen sendotasunari inguruko azterketa, eta nota onarekin gainditu zuen Kutxabankek: %16,6ko kapitala du, CET1 Fully Loaded irizpideen arabera neurtuta. Euroguneko banku nagusien batezbestekoa %14,7 da, eta Espainiakoena, berriz, %11,8.
Kutxabankek gehienez irabazien %15 banatu ahal izango dizkie fundazioei
EBZk bankuei dibidenduak banatzeko debekua kendu du, baina mugak jarri dizkie. Irabaziek finantzatzen dute kutxa zirenen gizarte ekintza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu