Ez Kutxabankek, ez BBK-k, ez Kutxak eta ez Vitalek ez dute erreserba funts berezirik sortu beharko, eta diru gehiago edukiko dute gizarte ekintzarako. Beti ere Kutxabankek bere kaudimen maila onari eusten badio, eta kutxetako batek bankuaren erdia baino gehiago kontrolatzen ez badu. Kutxabankek lehen baldintza betetzen du. Bigarrena ez. Horregatik, BBK-k bost urtean saldu egingo du Kutxabanken partaidetzan %50etik gora daukan zatia, %7. Kutxaren esku dago Kutxabanken %32 eta Vitalen mende %11.
PPk eta EAJk herenegun hitzartu zituzten Kutxabankek erreserba funtsa ez sortu behar izateko zuzenketak, eta atzo onartu zituzten Espainiako Kongresuko Ekonomia eta Lehiakortasun Batzordean. Kutxen eta Fundazioen legeak jasoko ditu zuzenketak.
Berez, troikak —Europako Batzordea, EBZ eta NDF— aurrezki kutxak behartu egin ditu ezohiko funts bat sortzera, balizko galerei aurre egiteko eta galera horiek diru kontu publikoetan ez eragiteko. Horrek asko mugatuko luke kutxen —banku fundazioak dira gaur egun— gizarte ekintza, beren funtzio nagusia.
Kutxabank ez zegoen neurri horretan ados, eta erreserba funtsik sortu behar izatekotan, bankuak sortzea nahi zuen. Troika, baina, kontra zegoen. Finantza krisia lehertu zenetik troikak aurrezki kutxei leporatu die Espainiako finantza sektorearen zuloaren ardura, eta sektorea sinplifikatu eta bankarizatu nahi izan du.
Azkenean, baina, ez dute erreserba funtsik sortu beharko ez Kutxabankek, ez hiru kutxek. EAJk eta PPk herenegun tarteko konponbide bat hitzartu zuten, eta atzo onartu zuten Espainiako Kongresuan, zuzenketa baten bitartez.
BBK-k Kutxabankeko partaidetzaren %7 salduko du. Espainiako Bankuak onartu eta kontrolatu beharko du prozesua.
EAJ gustura dago, Pedro Aspiazu parlamentariaren iritziz, «gizarte ekintzari eustea» lortu dutelako: «Legeak hasieran zioen moduan erreserba funtsa sortu behar izanez gero, Kutxabanken gizarte ekintza arriskuan zegoen». EAJko ordezkariak uste du erreserba funtsa sortuta Kutxabankek ez lukeela baldintza beretan lehiatuko beste finantza erakunde batzuekin. EAJren lau zuzenketa gehiago onartu zituzten atzo. Horietako batek onartu egiten du autonomia erkidegoen esku dagoela gizarte ekintza eta fundazioak arautzea.
Zirrikitua esku pribatuentzat
Amaiurrentzat EAJren eta PPren zuzenketekin ez da kutxen gizarte ekintza salbatu, eta atea ireki diete inbertitzaile pribatuei Kutxanbanken sartzeko. Bankua Espainiari begira ari dela lanean salatu du Rafa Larreina Amaiurreko diputatuak: «Batetik, dirua Euskal Herritik Espainiara eramaten dute, finantzen eta higiezinen merkatuan espekulatzeko; bestetik, bizkarra ematen diete gure herrian laguntza behar dutenei». Amaiurrentzat kutxak behar baino askoz ere diru gutxiago jasotzen ari dira gizarte ekintzarako, Kutxabank funts hornidura indartsuak egiten ari delako.
Kutxabankek eta hiru kutxek ez dute erreserba funtsik sortu beharko
Kutxabankek eutsi egin beharko dio kaudimenari eta BBK-k partaidetzaren %7 saldu beharko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu