Finantzak

Kutxabankek eta Elkargik enpresetan luzera begira inbertitzeko funts bat sortu dute

Bidegiñ funtsean 200 milioi euroren aurrezkia bildu nahi dute, bost urtean hogeiren bat enpresatan inbertitzeko.

Kutxabankeko eta Elkargiko ordezkariak, gaur, Bilbon. BERRIA
Iker Aranburu.
2023ko urriaren 30a
16:36
Entzun

Bertako enpresak garatzeko nahiko inbertsio ez daudelako kexu direnei irtenbide bat eman nahi izan diete Kutxabank taldeak eta Elkargik. Bidegiñ izeneko inbertsio funts bat sortu dute; hor bilduko duten aurreztaileen dirua, eta enpresa txikietan eta ertainetan inbertitzeko erabiliko dute.

Urtearen amaieran jaulkiko dute Bidegiñ, eta datorren urtearen hasieran egin nahi ditu lehen inbertsioak. Bultzatzaileek azaldu dutenez, sektore guztietako enpresak izango dira, baina zenbait baldintza bete beharko dituzte: hiru milioi eurotik gorako kapitala izatea, hazkunde prozesuan egotea, eta zor txikia izatea.

200 milioi euroraino bildu nahi dituzte, eta bost urtean hogeiren bat enpresatan inbertituko dute. Luzera begirako inbertsioak izango dira, gutxienez bost urtez eta gehienez hamabost urtez enpresaren kapitalean geratzeko konpromisoa izango duelako Bidegiñ funtsak.

Kutxabank taldeak eta Elkargik ziurtatu dute beren eragin esparruan egingo direla inbertsioak. Hau da, nagusiki Hego Euskal Herrian, Madrilen, Katalunian eta Andaluzian egingo dituztela, hor biltzen baititu Kutxabankek bulego gehienak.

Hazkunde prozesuan dauden enpresak bilatuko dituzte, baina baita oinordekotza arazoak dituzten familia enpresak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.