Kutxabankek enpresetan inbertitzeko adar bat sortu du, eta 500 milioi euro jarri

Indar izena du, eta inguruko enpresetan luzera begirako inbertsioak egiteko balioko du. Bankuak BBKri, Kutxari eta Vitali eman dizkie Iberdrolan zituen akzioen zati bat; 400 milioi euroren balioa dute.

Anton Arriola Kutxabankeko presidentea, iaz, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE
Anton Arriola Kutxabankeko presidentea, iaz, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE
Paulo Ostolaza - Jokin Sagarzazu
2025eko martxoaren 18a
11:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Bere inbertsio politikan bi aldaketa garrantzitsu iragarri ditu Kutxabankek. Batetik, Euskal Herriko enpresetan luzera begirako inbertsioak egitearen alde egin du berriz ere, eta horretarako 500 milioi euroren kapitala izango duen Indar sozietatea sortu du. Eta bestetik, dibidendu berezi bat banatu die bere akziodunei, BBK, Kutxa eta Vital fundazioei: Iberdrolan dituen akzioen zati bat eman die, 400 milioi euroren balioa dutenak. Bankuak akziodunen batzarra izan du gaur, eta han onartu ditu erabaki horiek.

Azken urteetan Kutxabankek saldu egin ditu euskal enpresetan zituen akzioetako asko (Euskaltel, Ibermatica, Neinor...), bere irabaziak handitzeko, baina baita EBZ Europako Banku Zentralak horien truke eskatzen dituen hornidurek kapital asko kontsumitzen dutelako ere. Anton Arriola bankuko presidenteak agortutzat jo izan du bide hori. Gaur egun, Kutxabankek %14ko parte hartzea dauka CAFen eta Petronorren, eta %1,7koa, Iberdrolan.

Azken urteetan euskal enpresetan zituen akzioetako asko saldu ditu Kutxabankek, eta historikoki izan duen posizioa berreskuratzeko mugimendu bat da Indarren sorrera

Enpresen akzioak saltzeagatik kritika ugari egin dizkiote Kutxabanki, euskal enpresen deserrotzea eragiten dutelakoan. Mezu hori bere egiten ari da azkenaldian Jaurlaritza, eta duela bi aste Euskal Finantza Aliantza izenekoa aurkeztu zuen Imanol Pradales lehendakariak. Helburua da EAEko industrian inbertitzeko 4.000 milioi euroren funts bat sortzea.

Kutxabank aliantza horretako kide da, eta horretan parte hartzeko tresnatzat har daiteke Indar. «Ekonomian eta industrian duten dinamizatzaile posizioa indartzeko eta enplegua sortzeko» helburua du, hau da, historikoki izan duten jokabidea berreskuratzekoa. Adar horrek «enpresa ekimen estrategikoak» finantzatuko ditu, zorro dibertsifikatua izango du eta «inguruko» enpresetan inbertituko du; «negozio eredu sendoa duten eta hazten ari diren enpresak» ditu jopuntu.

Litekeena da etorkizunean Indar burtsara ateratzea, baita beste inbertitzaile batzuekin bat egitea ere, BBK-k eta Vitalek Sidenorrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin egin duten moduan Talgoren akziodun nagusi bilakatzeko.

Sozietateak Kutxabanken baliabideak erabiliko ditu, baina kudeaketa egitura propioa izango du. Zuzendari nagusia Jose Iturriaga izango da (Zarautz, Gipuzkoa, 1975). Finantzen sektorean ibilbide luzea du: Goldman Sachsen aritutakoa da, Tubos Reunidosen finantza zuzendaria izan zen, SGEIC enpresako Talde zor pribatuko funtsaren arduradun izan da, eta Flysch Industrial enpresaren bazkide sortzailea ere bada.

Bi erabakiak, lotuta

Iberdrolaren akzioen eskualdaketa ere onartu du gaur akziodunen batzarrak, eta aurrerantzean BBKrenak, Kutxarenak eta Vitalenak izango dira 400 milioi euroren balioa duten akzio horiek —konpainiaren %0,44 inguru—. Lehen erabakiarekin lotura zuzena du bigarrenak, izan ere, gaur egungo legediak zigorrak ezartzen dizkie bankuei enpresetan inbertitzen dutenean, eta hori orekatzea da Iberdrolako akzioak fundazioei ematearen helburua.

Kutxabanken hitzetan, euren asmoa zera da, bankuaren arrisku profila indartzea eta, «Euskadin oso errotuta dagoen erakundea izaki», Iberdrolan duten parte hartzeari eustea. EBZren onespena behar izan du eragiketak.

Azkenik, akziodunen batzarrak onartu du 83,3 milioi euroren dibidenduak banatzea bere hiru sozioen artean, aurreko urteko emaitzei esker.

Fundazioak eta beste tresna batzuk

Kutxabanken akziodunak hiru dira: BBK, Kutxa eta Vital. Aurrezki kutxak ziren lehen, eta fundazioak dira gaur egun. BBK-k Kutxabanken %57 du, Kutxak %32, eta Vitalek %11. Jabe gisa, bankuaren irabazien %60 jasotzen dute, eta azken urteotan etekin horiek nabarmen handitu dira. 2024ko emaitzen faltan, aurreko bost urteetan 920 milioi euro jaso zituzten denera.

Diru horren zati handi bat gizarte ekintzara bideratzen dute fundazioek. Gainontzekoa enpresetan inberti dezakete, baina gaur egun heren bat baino ez dute horretarako erabiltzen; beste guztia haien diruzaintzan geratzen da. Fundazioek akzioak dituzte Iberdrolan, CAFen, Vidralan, Artechen, Red Eléctrican, ViveBiotechen eta beste enpresa txikiago batzuetan. Enpresa horietako batzuetan, hiru fundazio horietako bat edo bi agertzen dira akziodun gisa, Kutxabankekin batera, nork bere ekarpena egiten duela. Adibidez, CAFen eta Iberdrolan.

Bankuak egiten dituen inbertsioekin gertatzen den bezala, fundazioak ere kaudimen funts bat izatera behartzen ditu Europako Banku Zentralak, beren inbertsioen arriskuei aurre egiteko. Kasu honetan, BBK Kutxabanken akziodun nagusia denez, hark bakarrik izan behar du berme hori, 230 milioi eurokoa.

Inbertsio funtsak

Fundazioez gain, Kutxabankek beste tresna batzuk ere baditu enpresetan inbertitzeko edo haien kapitalean parte hartzeko. Horietako bat Talde izeneko arrisku kapitaleko funtsa da. Iazko urrian bereganatu zuen haren kontrola, sozietatearen %70 erosita.

Talde aitzindaria da arrisku kapitalaren alorrean. 1976an eratu zuten Euskal Herriko enpresaburu eta tokiko finantza erakunde batzuek. Enpresa txikietan eta ertainetan inbertitzen dute batez ere, eta enpresei kapital pribatua eta baliabideak eskaintzen dizkiete hazteko, garatzeko edota merkatuetan sendotzeko.

Gaur egun, 400 milioi euro kudeatzen ditu, eta 160 enpresatan aritutakoa da. Kutxabank akziodun nagusia izan arren, Taldek kudeaketa independentea du, eta orain arte hura gidatu dutenen esku dago.

Kutxabankek parte hartzen duen beste tresna bat Bidegiñ funtsa da. 2023ko urrian sortu zuen Elkargirekin batera. Hor bildutako aurreztaileen dirua enpresa txikietan eta ertainetan inbertitzen dute. Asmoa da 200 milioi eurorainoko zorro bat sortzea, bost urtean hogeiren bat enpresatan inbertitzeko. Tresna horren xedea da luzera begirako inbertsioak egitea, gutxienez bost urtez eta gehienez hamabost urtez enpresaren kapitalean parte hartzeko konpromisoarekin.

    Iruzkinak
    Ez dago iruzkinik

    Ordenatu
    0/500
    Interesgarria izango zaizu
    Nabarmenduak
    Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.