Andaluziako Cajasur Kutxabank taldera batuko da, eta haren markarekin jardungo du aurrerantzean. Izan ere, bankuak abian jarri du aurrezki kutxa izandakoa guztiz beretzeko prozesua, bi erakundeetako ordezkariek hala adostu ondoren. Hazkunde eta dibertsifikazio etapa baten barrukotzat jo du operazioa Kutxabankek, eta espero du bat-egitea hurrengo urte hasierarako burutzea.
Kutxabankek ohar bidez egin du iragarpena, eta adierazi du bat-egiteak modua emango duela finantza talde «indartsuago bat» sendotzeko, eta bezeroei ematen zaien zerbitzua hobetzeko; besteak beste, bi entitateen eragiteko ahalmena eta enpresak eta erakundeak finantzatzeko gaitasuna handituko egingo direlako. «2027an 150.000 milioi eurotik gorako negozio bolumena izango duen finantza talde bat sendotuko dute, asmo handiko hazkunde eta dibertsifikazio estrategia bat garatu ostean», adierazi du bankuak.
Kutxabanken arabera, markaren bateratzea mailakatua izango da, eta «bezeroek ez dute ia aldaketarik antzemango eragiketetan». Aitzitik, bankuak nabarmendu du egun Cajasurren bezero direnei «abantailak» ekarriko dizkiela bat-egiteak, Kutxabankek finantza merkatuan duen posizioa eta gaitasun handiagoak direla eta. Gaur egun, Cajasur liderra da Kordoban, esaterako, gordailuen %40 inguru baititu. Hala ere, hurrengo urteetan 200.000 bezero lortu nahi ditu.
Halaber, Kutxabankek nabarmendu du langileentzat ere onuragarria izango dela. Izan ere, iragarri du akordioa egin duela sindikatuekin, Cajasurreko langileen lan baldintzak Kutxabankeko beharginek dituztenekin parekatzeko. Urtebeteko epean egin asmo dute hori. Era berean, Kutxabankek ziurtatu du eutsi egingo zaiola fundazioaren jarduerari.
Onbideratze «sakona»
BBK-k duela hamabost urte erosi zuen Cajasur, finantza krisian betean. Espainiako Gobernuak zuen Cajasurren kontrola ordu hartan, eta, enkantean, Caja Madrili, BBVAri eta Unicajari gailendu zitzaien orduko Bizkaiko aurrezki kutxa. Orduz gero, BBK-k izan du Andaluziako kutxaren kontrola, eta hura «onbideratzeko eta hobetzeko prozesu sakon bat» egin du: «Bankuaren finantza sendotasuna eta errentagarritasuna indartzeaz gain, erakundearen eragiketak eta negozioak pixkanaka integratzeko estrategia bat garatu zen, eta horrek errentagarri bihurtu du».
Kutxabankek adierazi duenez, urte hauetan guztietan egindako lanari esker, Andaluziako finantza erakunde nagusien artean dago orain Cajasur, eta, besteak beste, azpimarratu du Kordoban lidergoa sendotu duela eta Jaenen «erreferentea» dela. Halaber, nabarmendu du Kutxabanken sostenguari esker 1.600 lanposturi baino gehiagori eutsi zaiela, eta inbertsio nabarmenak egin direla teknologian eta digitalizazioan sakontzeko eta merkataritza sarea berritzeko.
Bi entitateen arteko bat-egitea Espainiako Gobernuak baimendu beharko du lehenik, eta Kutxabankeko Akziodunen Batzarraren oniritzia jaso beharko du gero. Kutxabanken hurrengo hiru urteetarako plan estrategikoan aintzat hartuta dago bat-egitea, dena den.