Pandemiaren aurreko emaitzak aise gainditu zituen Kutxabankek iaz. Inflazio tasa handien eskutik, bankuak 510,7 milioi euro irabazi zituen 2023an, aurreko urtean baino %54,5 gehiago. Mozkinen %60 bere hiru akziodunen artean banatuko ditu Kutxabankek, 300 milioi eurotik gora. Horietatik 75 milioi gaur bertan ematea erabaki zuen atzo administrazio kontseiluak: %57 izango dira BBKrentzat, %32 Kutxarentzat eta %11 Vitalentzat. Horretatik gehiena euren gizarte ekintza elikatzeko erabiltzen dute banku fundazioek.
Emaitza «oso ona» dela onartu du Anton Arriola Kutxabankeko presidenteak, eta, bankuek oro har ospe txarra dutela jakinda, kopuru batean bildu du bere erakundeak gizarteari egiten dion ekarpena: 1.314 milioi, bankuak fakturatutakoaren %70. Horretan sartu ditu hornitzaileei egindako ordainketak (% 10,9), zergak (% 23,8), langileen soldatak (% 18,9) eta fundazio akziodunei emandako dibidenduak (% 16,3). «Gure eginkizuna da balio ekonomiko eta soziala sortzea, enpresen eta pertsonen garapena sustatuz. Kutxabanken lan egiten duten 5.000 pertsonak horretaz arduratzen gara», esan du Arriolak.
Kutxabanken aurreko marka 2019koa zen (352 milioi), eta oso txiki utzi du, baina egia da oraindik ez dela iritsi 2012ko bateratzearen aurretik orduko aurrezki kutxek, bakoitzak bere aldetik, lortutako errekorrera; 2008an, finantza krisia hasi zenean, 556 milioi euro irabazi zituzten gaur egun Kutxabank osatzen duten hiru erakundeek.
Kopuru horretara iritsiko zatekeen, baldin eta ez balu ordaindu behar izan 2022az geroztik indarrean dagoen bankuen gaineko zerga berezia. Zehazki, interesek eta komisioek ematen dizkioten irabazien %4,8 ordaindu behar ditu, eta 47 milioi izan ziren 2023an. Zerga hori bi urterako bakarrik zen hasieran, pandemiak eragindako gastu soziala estaltzeko, baina Espainiako Gobernuaren asmoa da zerga iraunkor bilakatzea. Haren aurkako errekurtsoak jarri dituzte Kutxabankek eta beste banku handiek; besteak beste, kexu dira atzerriko bankuek eta erakunde txikiek ez dutelako zerga ordaindu behar.
Maileguak
2022ko uztailetik hasita Europako Banku Zentralak interes tasak %4,5era igo izanak zerikusi zuzena izan du Kutxabanken eta beste bankuen emaitza oparoetan, nahiz eta irailean Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko kontseilari ordezkaria kexu zen tasa handi horiek maileguen eskaria gutxitzen ari zirela eta horrek kalte egiten ziela.
Maileguei eustea lortu du Kutxabankek (46.000 milioi euro). Diru gutxiago eman du maileguan hipoteketarako, bezeroek kitatutako hipotekak gehiago izan baitira sinatutako berriak baino. Baina, interes tasen igoerak etxebizitzen salmenta jaitsi duen arren, Kutxabankek 3.253 milioi euro jarri ditu horretarako, 2022an baino %2,5 gehiago.
Enpresei utzitakoa ere pixka bat handitu da (+%0,8) oro har, maileguen eskaria jaitsi den arren. Hain zuzen ere, enpresen negozioan gora egitea da Kutxabankeko buruzagitza berriaren helburu nagusia, arlo horretan atzerago doalako bere lehiakide batzuek baino. Hipoteketan, berriz, jaun eta jabe da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, merkatuaren %40 baitu. Anton Arriola bankuko lehendakariaren datuen arabera, etxebizitza erosteko maileguak dira Kutxabanken negozioaren %60, eta %25 dagokie enpresei emandako maileguei.
Enpresetan haztea ez ezik, Euskal Herritik kanpo ere haztea da Kutxabanken asmoa. Batez ere Madrilera begira ari da orain bankua, negozioa ikusten baitu hirigintza arloan eta enpresen inbertsioetan. Aurten egoitza berri bat zabalduko du Kutxabankek Madrilgo erdigunean, hirian zehar sakabanatuta zituen bulegoak bilduta.
Aurrezkiak
Aurrezkiari dagokionez, Kutxabanken apustua da aurreztaileen dirua inbertsio funtsetara bideratzea. Izan ere, haren ustez, epe erdira eta luzera beti da errentagarriagoa. Arlo horretan, Kutxabank bera baino handiagoak diren erakundeekin buru-belarri ari da lehian, emaitza onekin: iaz 2,769 milioi euro bereganatu zituen, eta %7,5eko merkatu kuota lortu zuen.
Gordailuei dagokienez, finantza erakundeek presioa jasan dute, haren truke ordaintzen zuten interesa handitzeko, eta, maila nahiko apalean bada ere, hala egin dute urtearen bigarren erdian, eta lortu dute berriro kontratazioak handitzea. Kutxabanken kasuan, %32,5 handitu dira.
datuak
%18Irabazi mardulak kapitala sendotzeko ere baliatzen ari da Kutxabank. 2023. urtearen amaieran %18ko kapitala zuen, CET1 ratioaren arabera neurtuta; 2022aren amaieran, %17,6koa zen.
%1,39Maileguen berankortasuna maila apalean dago oraindik ere: maileguen %1,39 arriskuan ikusten ditu (%1,37 duela urtebete), baina beste 384 milioi euro baztertu ditu horniduretarako.