Euskal Herrian kapital pribatuko funtsik sendoenetako baten kontrola bereganatu du Kutxabankek. Bilbon egoitza duen Talde arrisku kapitaleko sozietatearen %70 erosi baitu. Akzioen %63 geratuko da bankuaren eskuetan, eta %7 orain arteko zuzendaritzako kideei salduko die, zeinek agintean jarraituko duten oraindik. Gainerako %30ak beste akziodun batzuen esku jarraituko du.
Kutxabankek esan du Talde erosita arrisku kapitaleko funtsen aldeko apustua indartu nahi duela, «hazten ari den sektorea baita aktibo alternatiboena». Taldek «urteetan pilatu duen esperientzia eta ezagutza» baliatu nahi ditu Kutxabankek alor horretan sakontzeko, eta trukean, bankuak haren «inbertsio eta merkaturatze gaitasunak indartzen» lagunduko dio.
Izan ere, Talde aitzindaria da arrisku kapitaleko sozietateen alorrean. 1976an eratu zuten, eta Bilbon du egoitza. Euskal Herriko enpresaburu eta tokiko finantza erakunde talde batek bultzatutako egitasmoa da. Enpresa txikietan eta ertainetan inbertitzen dute, batez ere, eta enpresei kapital pribatua eta baliabideak eskaintzen dizkiete hazteko, garatzeko, edota merkatuetan sendotzeko.
Gaur egun, Taldek 370 milioi eurotik gora kudeatzen ditu 21 enpresak osatzen duten inbertsio zorroaren bitartez. Kutxabankek ziurtatu du Taldek kudeaketa independentea izango duela aurrerantzean ere, eta orain arte hura gidatu dutenen esku egongo dela.