Behera egin dute interes tasek, baina ez, ordea, Kutxabanken irabaziek. 535,8 milioi euroren mozkinak izan zituen iaz bankuak, aurreko urtean baino %4,9 gehiagokoak. Inoizko kopururik handiena da. Aurreko marka 2023koa zen; orduan 510,7 milioiren irabaziak izan zituen, 2012. urtetik, hau da, bankua sortu zenetik izandako handienak.
Esan daiteke interes tasak jaitsi izana onuragarria izan dela bankuaren emaitzetarako. Izan ere, mailegu kopurua handitu egin du, eta, horrek bultzaturik, marjina asko handitu da, 1.366 milioi euroraino (+%16,6).
Etxebizitzak erosteko maileguak dira Kutxabanken negozio nagusia —Araba, Bizkai eta Gipuzkoako merkatuaren %40 dauka—, eta, iaz etxebizitzen salmentak gora egin ondoren, 3.406 milioi euroren hipotekak eman ditu, 2023an baino %4,7 gehiago. Igoera are handiagoa izan da kontsumorako maileguetan (%19,2). Nabarmentzekoa da bezeroek gero eta gehiago jotzen dutela Internetera maileguak eskatzeko. Horrela, hipoteken %83 prozesu digitalen bidez komertzializatu ziren.
Hori bai, enpresen arloan herrenago dabilela onartu du bankuak, baina arlo horretan urrats bat egin du aurrera: %7 handitu du enpresen finantzaketa, %8 higiezinen sustapena, eta %9 banka korporatiboa.
Inbertsio funtsak
Kutxabanken diru sarreren beste atal nagusia zerbitzuek eta aseguruek emandako etekinak dira. Iaz 645,8 milioi eman zizkioten (%4,2). Horren parte gero eta handiago bat hartzen du aurrezkiaren kudeaketak. Finantza erakunde guztiak ahaleginak egiten ari dira bezeroen aurrezkia inbertsio funtsetara eta halakoetara bideratzeko gordailuetara baino gehiago, eta, horren truke, komisio bat jasotzen dute.
Arlo horretan sendo dabil Kutxabank, inbertsio funtsen harpidetzan %7,3ko kuota dauka Espainiako sisteman —%13,6 inbertsio funts jasangarrietan—, eta askoz handiagoak diren bankuen aurretik dago.
Kuota are handiagoa du BGAE pentsio osagarrietan, %47,6koa, horiek batez ere EAEn egiten dira eta.
Aseguruek 166 milioi euroren ekarpenak egin dizkiete Kutxabanken kontuei. 117.738 poliza berri sinatu zituzten iaz, batez ere etxeak aseguratzeko (+%22) eta autoetarako (+%12).
DATUak
556Aurrezki kutxen irabaziak, 2008an. Kutxabankek ez du oraindik berdindu bankuaren fundatzaileek inoiz izandako emaitzarik onena. Izan ere, 2008an, finantza krisiak bankuen sustraiak astindu zituenean, BBK-ren, Kutxaren eta Vital Kutxen mozkinak 556 milioi eurorenak izan ziren guztira.
%17,5Kapitala. Europako kaudimen handienetakoa dauka Kutxabankek: %17,5ekoa da, CET1 phased in delako ratioaren arabera. Duela urtebete, pixka bat handiagoa izan zen (%18), baina horren azalpena zera da: BBKren, Kutxaren eta Vitalen esku utzi duela Iberdrolaren akzioen parte bat, 400 milioi eurokoa. Hori batuta, %18,5era igoko litzateke kapitala.
1,28Berankortasuna. Beherantz egin dute Kutxabankek arriskutsutzat jotzen dituen maileguak: emandakoen %1,39 ziren 2023 amaieran, eta %1,28 urtebete geroago. Sektoreko batezbestekoa %3,32koa da.
Berankortasuna apaldu arren, «zuhurtziarik handienaz» jokatu du bankuak, eta 508 milioi euroren zuzkidurak egin ditu ustel atera dakizkiokeen maileguak eta aktibo higiezinetan izan ditzakeen galerak estaltzeko. Iaz baino %32,3 gehiago da hori, eta, Kutxabanken arabera, «sektorekoen oso gainetik» dago.
Diru sarrera asko izan diren moduan, asko da kutxatik ateratako dirua ere. Horrela, ia 797 milioi behar izan ditu gastuetarako (soldatak, hornitzaileak...), 321,5 milioi banatu dizkie hiru akziodunei (%57 BBKri, %32 Kutxari, eta %11 Vitali), eta 178 milioi ordaindu ditu zergetan.
Aldaketa urtea
2024a negozioa moldatzeko urtea izan da Kutxabankentzat. Batetik, Madrilen negozioa handitzeko apustua egin du: hainbat bulegotan barreiatuta zeuzkan zerbitzuak batu, eta egoitza handi bat ireki zuen ekainean Espainiako hiriburuan.

Gainera, Kutxabank Investment adarra aurkeztu du. Norbolsa zena osorik erosi du bankuak, eta, haren bitartez, inbertsio pribatuak egiten ditu eta enpresei aholku ematen die kapital merkatuetan.
Udan, Kutxabank Wealth Management sortu zuen, eta han bildu zituen banka pribatua (ondare handien kudeaketa) eta inbertsio funtsekin lotura duten arloak. Unitate berriak bankuaren bezeroen 40.000 milioi euroren baliabideak kudeatzen ditu.
Maiatzean, Kutxabank Eragin izenpean batu zituen gizarte eta ingurumen jasangarritasuna sustatzea xede duten proiektuak.
2025erako gorde du beste iragarpen handi bat: 500 milioi euroren funts bat sortu du enpresetan partaidetzak erosteko. Batez ere Euskal Herrian inbertituko du Indar izeneko funts horrek, enpresa horiek sendoago errotzeko.
BESTE 450 langile hurrengo hiru urteetan
2024ko emaitzekin batera, hurrengo hiru urteetarako plan estrategikoa aurkeztu du Kutxabankek, Benetan 2025-2027 deitutakoa. Agiri baten bidez azaldu duenez, bankuaren helburua da 2027rako 100.000 bezero partikular gehiago izatea, eta enpresetan ere bezeroen kopurua %30 handitzea. Arlo espezializatuak indartuko ditu horretarako, hala nola ondarearen kudeaketa (Wealth Management adarra), inbertsio banka (Kutxabank Investment) eta enpresetarako banka.
Bezeroak erakarri ahal izateko, «talentua» ere bereganatu nahi du bankuak. Horretarako, beste 450 langile hartzea eta haiei kontratu finkoa egitea da asmoa. Aurreikuspenen arabera, langile horietatik ehun profil teknologikokoak izango dira; izan ere, bankuak beste urrats bat egin nahi du eskaintzen dituen zerbitzuen digitalizazio prozesuan. Eraldaketa digitalean 620 milioi inbertitu nahi ditu hiru urtez, eta adimen artifiziala ere txertatuko du.
Helburu ekonomiko handinahiak finkatu ditu bankuak 2025etik 2027ra bitarteko aldirako. 1.650 milioi euro irabazi nahi ditu tarte horretan, azken hirurtekoan baino %20 gehiago. Ahal dela, irabazien %60 akziodunei banatu nahi dizkie aurrerantzean ere (1.000 milioi). Hori lortze aldera, %20 handitu nahi ditu emandako hipotekak, %40 kontsumorako maileguak, eta %35 enpresei emandakoak. Funtsetan eta halakoetan ere %30eko jauzia egin nahi du.