Interes tasak gorantz doaz, eta Euriborra %2,5en gainetik den honetan, bankuak olatua hartzen ari dira; Kutxabankek igarri dio horri hirugarren hiruhilekoko emaitzetan. Bankuak 250,5 milioi euroren etekinak bildu ditu urtarriletik irailerako tartean, iaz epe berean baino %42,1 gehiago.
Jakina, emaitza on horietan pisu handia izan dute interesek. Hain zuzen, interes marjinengatik urte hasieratik hona 429 milioi euroren sarrerak izan ditu Kutxabankek, iazko epe berean baino %2,7 gehiago.
Edonola ere, etekin gehien zerbitzuetatik eta aseguruetatik iritsi zaizkio bankuari, 473,4 milioi euro, iaz baino %6,9 gehiago. Horrela, bi arlo horiek erakundearen negozioaren %52 hartzen dute jada, interes marjinen atala gaindituta.
Kredituetan egindako inbertsioa 47.200 milioi eurora handitu du Kutxabankek, %3,4 gehiago, batez ere handizkako bankaren (erakundeak eta enpresak) bultzadarengatik. Txikizkako bankan, hipoteka maileguak sinatzen jarraitu du bankuak, 2.669 milioi euro izan dira urteko lehen bederatzi hilabeteetan, «merkatu kuotak hobetuz, nahiz eta testuingurua oso lehiakorra izan». Eta kontsumo maileguetan ere %9,2 handitu du kontratatuko diru kopurua, 413 milioi euroraino.
Emaitzarik onenetakoak, dena den, pentsio planekin, funtsekin eta aseguruekin erdietsi ditu Kutxabankek. Balantzetik kanpoko baliabideetan Kutxabankek administratutako bezeroen baliabideak %0,6 hazi dira, 72.294 milioi euroraino, eta merkatuan sartu diren harpidetza guztien %16 bereganatu ditu.
Bankuak gaur egun 20.000 milioi euro inguru ditu inbertsio funtsetan kudeatuta, eta haren merkatu kuota % 6,8 da. Aseguruetan, berriz, Kutxabank Segurosek 100.000 poliza berri banatu ditu 2022ko lehen hiru hiruhilekoetan.
Bankuak sarrera handiak izan ditu enpresetako parte hartzeetatik ere: 83,7 milioi euro, batez ere dibidenduei esker.