Kutxabankek 396,2 milioi euro irabazi ditu irailera arte, iaz baino %2,8 gehiago

Banku negozioa %16,4 handitu bazaio ere, urte arteko alderaketak martxokoak eta ekainekoak baino apalagoak dira.

Kutxabankek Bilboko Kale Nagusian duen egoitza berria. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Kutxabankek Bilboko Kale Nagusian duen egoitza berria. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko urriaren 31
15:05
Entzun

Kutxabankek haizea alde du oraindik ere: 396,2 milioi euro irabazi ditu aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan, iaz tarte berean baino %2,8 gehiago. Emaitza onen oinarrian banku negozioa dago, %16,4 hazi baita, 1.500 milioi euro mugitzeraino. Interes marjina ere hazi da tarte horretan, %23,4. Bankuaren arabera, zerbitzuen eta aseguruen alorra ere handitu da.

Kutxabanken urtea ondo doa, baina hirugarren hiruhilekoko hazkundea aurreko bietakoa baino apalagoa izan da, bai behintzat iazko hiruhilekoekin alderatzen bada. Aurtengo lehen hiruhilekoan iazkoan baino %8,5 gehiago irabazi zuen; lehen seihilekoan, berriz, mozkinen hazkundea %5,4 izan zen, eta, esan bezala, irailera arte pilaturiko mozkina %2,8 handiagoa izan da.

Bankuak emaniko datuen arabera, negozio arlo ezberdinetan hazi da. Esaterako, kontsumo maileguen negozioa %22,4 hazi da, banku korporatiboarena %3,7, eta enpresei emaniko maileguena, %6,1 (2.100 milioi euro). Azken hori garrantzitsua da, bankuak onartua baitu enpresei emaniko maileguen adarra hazkunderako gakoetako bat dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.