Urteak daramatzate bankuek, kexuka, interes tasak zeron egoteak bere negozioa zaildu egiten duela, eta ezohiko jardueretatik tira egin behar dutela haien errentagarritasunari eusteko. Joan den astean igo zituen azkenean Europako Banku Zentralak, %0,5era, baina haren eragina benetan antzeman aurretik ere irabazi oparoak azaleratzen ari dira finantza erakundeak.
Horien artean dago Kutxabank, %30 handitu baititu bere mozkinak, 163,2 milioi euroraino. Urtea amaitzeko geratzen diren sei hilabeteetan bilakaera horri jarraituz gero, 335 milioi euroren bueltan ibiliko dira taldearen irabaziak, 2018koen pare (332,3 milioi), eta 2019ko marka historikotik oso gertu (352,2 milioi).
Kutxabankek agiri baten bitartez azaldu duenez, aseguruak, zerbitzuak eta kudeatutako aktiboen etekinak —inbertsio funtsen komisioak, batez ere— izan dira 2022ko lehen erdian taldearen diru sarrera nagusia. Zehazki, 316,4 milioi euroren etekina lortu du arlo horretatik (+%9,7), eta gutxiago, berriz, emandako maileguek eta ordaindutako interesek sortutako mozkinetik (279,6 milioi, +%1,4).
Pentsatzekoa da interes tasak igo ahala —uztaileko batezbesteko Euriborra %0,99 izango da, baina %1,2ra ere iritsi da hilabetean zehar—, bankuek irabazi handiagoa aterako dietela maileguei. Orduan ongi kokatuta egongo da Bilbon egoitza duen bankua, bere maileguen zorra loditzen ari baita: 2.189 milioi euroren hipoteka berriak eman ditu 2022an, %9,2 handitu ditu kontsumorako maileguak, eta %4,8, berriz, inbertsioetarako emandakoak.
Baina interesak igo bitartean, aseguruekin kutxa betetzen ari da Kutxabank: urtearen lehen erdian 70.000 aseguru baino gehiago sinatu ditu, eta %10eko hazkundea izan du bizi aseguruetan, eta %17, berriz, enpresen arrisku askotariko aseguruetan.
Egoera ekonomikoa belzten ari denez, bankuak 113,2 milioi euro jarri ditu zalantzazko aktiboen galera posibleak estaltzera, iaz halako bost. Zalantzazko aktiboen %114,5 hornitu ditu.
Buruzagi berria
Kutxabank sendo dagoela iritsiko da Gregorio Billalabeitiaren ordezkapena, urtearen amaieran. Bankuko administrazio kontseiluak Anton Arriola proposatu du (Durango, 1967). Deustun ikasitakoa eta Goldman Sachs AEBetako inbertsio bankuan urte luzez lan egindakoa da, eta BBK-ko patronatuko kidea da 2019. urteaz geroztik.
Idazlea ere bada; hainbat eleberri idatzi ditu gazteleraz, tartean El Ruido de entonces, Jose Maria Ryan ETAk hildako Lemoizko ingeniariari buruzkoa. Euskalduna da.
Arriolaren izendapenari buruzko azken hitza Europako Banku Zentralak du.