Urtea abiada bizian hasi du Kutxabankek: 2024ko lehen hiru hilabeteetan 120 milioi euroren mozkinak izan ditu, iazko epe berean baino %8,5 gehiago.
Interes tasen igoeragatik handitu ditu irabaziak batik bat; interesen marjina %46,9 handitu du, 345 milioi euroraino. Mailegatzaileei kobratzen dizkien interesen eta aurreztaileei ordaintzen dizkien interesen arteko aldea da hori. Aseguruen eta beste zerbitzu batzuen bidez 504 milioi eurora iritsi da.
Horrekin batera, Kutxabankek administratutako bezeroen baliabideak %6,9 handitu ditu, 81.332 milioi euroraino; %58ko hazkundea izan dute eperako aurrezkietan eta aurrezki planetan, %9koa aurreikuspen produktuetan, eta %15ekoa inbertsio funtsetan.
BBK, Kutxa eta Vital fundazioen bankuak garrantzi handia eman die inbertsio funtsei azken urteetan, eta aurrez aurre lehiatzen ari da neurri eta baliabide aldetik bera baino handiagoak diren finantza erakundeekin. Horrela, urteko lehen hiru hilabeteetan bere bezeroen aurrezkien 712 milioi baliatu ditu horretarako. Espainiako sistemako bankuen artean, beste bik soilik bildu dute diru gehiago, eta, horri esker, inbertsio funtsetan eta diru zorro delegatuetan %7,5eko kuota du Kutxabankek.
Zergetan %43 gehiago
Maileguetan ere hazkunde handia izan du, testuingurua alde izan ez arren, kredituaren eskaria uzkurtu egin baita interes tasen ondorioz. Kontsumorako maileguak %12 handitu ditu, eta enpresei emandakoak, berriz, %11. Azken atal horretan indarra egin nahi du Kutxabankek, oso zaila baita hipoteketan duen kuota handia areagotzea.
Bankuaren berankortasun tasa oso txikian den arren —1,39koa; Espainiako finantza sektorean 3,62koa da batez beste—, beste 96,6 milioi euro jarri ditu ezustekoei aurre egiteko poltsan, iaz baino gehiago.
Bestalde, Kutxabankek 68 milioi euro ordaindu ditu zergetan (%43 gehiago); besteak beste, Espainiako Gobernuak bankuei eta energiaren sektoreko enpresei jarritako zerga berezia.