Urte ona izan zuen iaz Kutxabankek, interes tasa handien bultzadari esker 510,7 milioi euro irabazi baitzituen, eta bide beretik doa 2024. urtean ere. Lehen sei hilabeteetan 263,7 milioi euro garbi irabazi ditu, iaz garai berean baino %5,4 gehiago (250,2 milioi).
Mozkin horiek aurki iritsiko dira bankuaren hiru akziodunen kutxetara, horien erdiak banatzea erabaki baitu zuzendaritzak: 131,8 milioietatik %57 izango dira BBKrentzat, %32 Kutxarentzat eta %11 Vitalentzat. Normalean urtearen amaiera arte itxaron izan du Kutxabankek mozkinak banatzeko, baina aurten ordainketa aurreratzea erabaki du. Beste finantza erakundeetan ohikoa dela azaldu dute bankuko iturriek, eta ez dagoela «arrazoi berezirik» aurten hartutako erabakiaren atzean.
Negozio atal guztiak ongi doazela eta horri esker plan estrategikoaren helburu nagusiak gainditzen ari dela nabarmendu du Kutxabankek, ohar baten bidez.
Interesen marjina izan ohi da bankuen diru sarrera nagusia —mailegatzen duen diruaren eta aurreztaileei ordaintzen dien interesen arteko aldea—, eta, interes tasa handiei esker, %34,4 handitu du urteko lehen seihilekoan.
Hipotekak dira Kutxabanken indargunea, eta arlo horretan «susperraldirako joera argia» ikusi du bankuak, 2024ko lehen hiruhilekoan baino %8,7 gehiago eman baititu bigarrenean. Kontsumo maileguetan, berriz, aurreko marka gainditu du, %18,8ko hazkundearekin.
Enpresei emandako maileguetan, berriz, lehiakide askorekin konparatuz duen atzerapena txikitzeko helburua jarri dio bere buruari Anton Arriolaren taldeak, eta ziurtatu du xede horretan «emaitza onak» lortu dituela —%6,1 handitu dira—.
datuak
%79,2Zergetan ordaindutakoa. Urteko lehen erdian, 79,2 milioi euro ordaindu ditu Kutxabankek bere irabazien gaineko zergetan. Sozietate zergaz gain, finantza erakundeen gaineko zerga berezia ere ordaindu behar du; lehen zatia otsailean pagatu zuen, eta irailean bestea.
%1,31Berankortasuna. Inflazioak kalte egin die herritarren patrikei, baina, oro har, ez diote utzi maileguak itzultzeari. Ekainaren amaieran, maileguen %1,31 ziren dudakoak —%1,39 abenduaren amaieran—.
%18,2Kapitala. Irabazien zati bat bankuaren kapitala sendotzeko baliatu du Kutxabankek. %18koarekin bukatu zuen 2023. urtea, eta bi hamarren gehitu dizkio orain.
Maileguen interesek 686,7 milioi eman dizkiote Kutxabanki, eta aseguruen salmentak eta balantzetik kanpoko produktuek (inbertsio funtsak, pentsio osagarriak eta halakoek emandako komisioak), berriz, beste 321,1 milioi.
Zehazki, urtarriletik ekainera 70.000 aseguru berri sinatu ditu Kutxabankek, eta jada abenduan baino %5 gehiago ditu. Aurrezkien kudeaketari dagokionez, azken urtean %8 handitu dira Kutxabankek bezeroei kudeatzen dizkien baliabideak: %12,6 inbertsio funtsak, %7,7 pentsio produktuak eta %3 aurrezki arruntagoak.
Atal horietan lortutako fakturazioari esker konpentsatu dute milioi bat bezerori operazioengatik ezarritako komisio guztiak kendu izana.
Irabazietan ondorio negatiboa izan dute hornidurek: bankuak 318,2 milioi jarri ditu maileguetan eta beste aktibo batzuetan izan ditzakeen galerei aurre egiteko, iaz jarritakoa halako bi baino gehiago.