Krisia eurogunean

Kutxabank ere, 'zabor bonuen' artean

Euskadiko Kutxa, BBVA eta Nafarroako Rural Kutxa inbertitzeko mailan jarri ditu oraindik Moody'sek

Ivan Santamaria.
2012ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian egoitza duten bankuak eta kreditu kooperatibak ez dira libratu Moody's rating agentziak Espainiako finantza sektoreari eman berri dionkolpetik. Kalifikatzen dituen bost erakundeei nota jaitsi die agentziak. Murrizketarik gordinena Kutxabank-ek eta Bankoak izan dute, inbertitzeko mailatik espekulatibora pasatu direlako. Alegia, euren zorra zabor bonuen artean sailkatu du Moody'sek. Oraingoz, inbertsio mailari eusten diote Euskadiko Kutxak eta Nafarroako Rural Kutxak, oso gutxigatik. BBVAk koska bat galdu du.

Espero zen halako murrizketa bat gertatzea, joan den ekainaren 13an Moody'sek Espainiako zor subiranoaren kalifikazioa hiru maila jaistea erabaki zuenetik. Agentziaren irudiko, ozta-ozta jarraitzen du Espainiak inbertsio arriskutsuen gainetik, Baa3 notarekin. Euskal Herritik kanpo, beste hemeretzi erakunderen kalifikazioa jaitsi du, eta gehienak zabor bonura jaitsi ditu.

Espainiak duen fidagarritasun falta da murrizketa zuritzeko eman duen argudio nagusia. Ez dio erakunde bakoitzak duen egoerari erreparatu, eta Raxoiren gobernuak finantzaketa lortzeko geroz eta zailtasun gehiago izateak sektore osoari erasaten diola ondorioztatu du. Hala, soilik Santander bankuak gainditzen du gobernuaren kalifikazioa, «oso sakabanatuta dituelako balantzea eta diru sarrerak».

Era berean, etxebizitza erosteko emandako maileguetan galerak handitzea espero du Moody'sek. Atal horretan 600.000 milioi euro emanda dituzte finantza erakundeek. Edonola ere, Moody'sek ontzat jo ditu Espainiako Gobernuak finantza sistemari laguntzeko egin dituen urratsak. Europako erreskatea eta kapitalizazio beharrak argitzen direnean, egoera berriro aztertuko du.

Jaitsieraren ondorioak

Nolako ondorioak ditu inbertsio maila galdu izanak? Berez, are gehiago zaildu beharko luke bankuek nazioarteko finantza merkatuetan maileguak lortzeko aukera. Haatik, praktikan zailtasun horiek nahiko handiak ziren jadanik, eta Europako Banku Zentrala bihurtu da finantzaketa bermatzeko bide nagusia. Espainiako finantza sistemak 287.000 milioi zor dizkio EBZri. Gainera, urte hasieran egindako enkanteak ondo baliatu zituzten erakunderik gehienek likidezia bermatzeko. Kalifikazioen murrizketari aurrea hartuta, maileguen truke eskatzen dituen bermeak malgutzeko asmoa du EBZk.

Banku txarra, hurbilago

Finantza erakundeentzat eskatutako erreskatearen berri eman zuen atzo Luis de Guindos Ekonomia ministroak Kongresuan. 100.000 milioi euro arteko laguntza jasotzeko baldintzei buruzko datu gutxi eman zituen, baina ondorio batzuk aurreratu zituen. Dirua jasotzen duten erakundeetatik aktibo kutsatuak atera eta banku txar baten bidez kudeatzea «interesgarritzat» jo zuen De Guindosek. Duela gutxi egindako bi finantza erreformetan bide hori baztertu zuen Ministerioak, baina Bruselatik argi utzi diote sistema hori gustatzen zaiela gehien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.