Atmosferara karbono dioxido tona bat isurtzeko eskubidearen prezioak 50 euroen langa gainditu du aste honetan Europako Batasuneko sisteman. Argindarraren prezioetan goraldia ekarri du horrek, eta kezka eragin die herritarrei eta industriari. Karbono garestiagoak, hala ere, gauza bat erakusten du: halako batean, emisio eskubideen sistema funtzionatzen ari dela.
ZERGATIK EZARRI PREZIOA CO2-ARI?
Erregai fosilak sobran daude, eta merkeak dira. Nola erauzi haiek ahalik eta modu eraginkorrenean sistema ekonomikotik? CO2-ari prezioak jartzeak, dela zerga bidez, dela emisio eskubideekin, garestitu egiten du erregai fosilak erabiltzea. Horrekin, bidea errazten zaie ingurumenarentzat garbiagoak diren berrikuntzei, zeinak hasiera batean garestiagoak izan ohi diren. Era berean, teorian, karbono isurien gaineko prezioak herrialdeentzako diru iturri izan behar dira, aldaketak kalterik handiena egin dien herritarrak konpentsatzeko.
ZER DA EUROPAKO EMISIO TRUKERAKO SISTEMA?
CO2 isuriei, kutsatzeari prezioa jartzeko modu bat da, cap and trade (muga eta salerosketa) sisteman oinarritua. Muga bat jartzen zaie sektore jakin batzuek atmosferara isur ditzaketen berotegi gasei, emisio eskubide kopuru mugatu baten bidez. Muga horrek ziurtatzen du eskubide horiek balio bat izango dutela.
Enpresa handiek gehieneko bati dagozkion eskubideak jasotzen edo erosten dituzte. Urtean gehieneko hori baino CO2 gehiago isuri badute, eta tonako 100 euroko isuna saihetsi nahi badute, eskubide gehiago erosi beharko dituzte, haiek sobran dituztenek saldutakoak.
Eskubide bakoitzak tona bat CO2 isurtzea baimentzen du, edo isuri baliokide batzuk. Gero eta emisio eskubide gutxiago esleitzen dira urtetik urtera. Horrez gain, hasieran sektore batzuetan eskubide gehienak doan adjudikatzen baziren ere, haien portzentajea txikituz joan da, eta, orain, enpresek ordaindu egin behar dizkiete eskubide gehienak estatuei. Argindar ekoizleek, hori bai, hasieratik erosi behar izan zituzten.
Europako Batasuneko Emisio Trukerako Sistema (EU ETS) 2005ean jarri zen martxan, eta halako lehena izan zen. EBn ez ezik, EFTA Europako Merkataritza Librerako Elkarteko herrialdeetan ere jarduten du —Islandia, Liechtenstein, Norvegia eta Suitza—. Oraintxe, 11.000 instalazio handi ingururen isuriak mugatzen ditu —Europako Batasunaren berotegi gasen emisioen %40—. Eta sektore jakin batzuetan soilik dago ezarrita: argindar eta berokuntza sektoreetan, energian intentsiboak diren findegietan, altzairutegietan, zementu fabriketan, eta EBko eta EFTAko barneko hegaldietan.
ZERGATIK GARESTITU DIRA EMISIO ESKUBIDEAK?
Edozeinek pentsa zezakeen pandemiak eragindako geldialdiarekin amildu egingo zela emisio eskubideen prezioa, eta pandemia aurreko tonako 25 euroetatik erori. 2008ko krisiarekin hori gertatu zen, adibidez. Baina oraingoan ez da halakorik jazo; alderantziz, iazko urtearen bukaeran gorantz hasi, eta inoiz ikusi gabeko prezioa iritsi dute. Aste honetan, 50 euroak gainditu ditu CO2 tonak, eta gehiago igotzea espero da.
Hain zuzen, hori da igoeraren arrazoi nagusia, merkatuak espero duela eskubideen prezioak goian egongo direla etorkizunean. Orain arte ez bezala, oraingoan eragileak sinetsita daudelako Europako agintariek eutsi egingo dietela jendaurrean egindako adierazpenei, eta kutsatzea garestitzen jarraituko dutela. Eskubide erosleen ustetan, gainera, egun karbonoa murrizteko ezarritako helburuak ez dira nahikoa; uste dute Europako Batasuna behartuta egongo dela helburu horiek handitzera, eta garestituz joango dela haiek lortzeko tresna, emisio eskubideak.
Laster iritsiko da kutsatzea koska bat estutzeko EBren hurrengo pausoa. 2030. urterako ezarritako %55 emisio murrizketa betetzeko moduetako bat, hain zuzen, emisio trukerako sistemak sektore gehiago barneratzea izango da. Datorren uztailaren erdian erabakiko dira xehetasun guztiak, baina itsas garraioan, ia ziur, ordaindu egin beharko dela CO2 atmosferaratzeagatik. Aztertzen ari dira errepide garraioa eta eraikuntza ere nola sartu sisteman.
ESKUBIDEAK GEHIAGO GARESTITUKO DIRA, BERAZ?
Bai, baldin eta egiaz karbono dioxidoaren emisioak murriztu nahi badira beroketa globala 1,5 gradura mugatzeraino. Helburu horretarako, adibidez, Wood Mackenzie aholkularitzaren arabera, munduan karbono tona prezioak 160 dolar (133 euro) balio beharko luke 2030. urtean.
Aurreikuspenei begira, ICIS aholkularitzak EU ETSko karbono tona 80 euroan ikusten du 2030ean, eta Refinitv-ek, 90 euroan. BP petrolio konpainiaren arabera, tonaren prezioa 100 dolarrera iris daiteke 2030. urtean. Bide horretan, Ingalaterrako Bankuak enpresei ohartarazi die har dezatela aintzat karbonoaren prezioa euren negozioan, eta aholku bera ematen ari dira beste hainbat banku zentral ere.
Guztiek goranzko prezioekin ikusten duten merkatu horretan zenbateraino ari dira espekulatzaileak jardunean, eta zenbateraino areagotu dezake prezioen igoera? Funtsak ari dira emisio eskubideen salerosketan, argi dago. Baina merkatuko eragile guztiek egon behar dute sistemaren erregistroan, eta Europako Batzordea aztertzen ari da inbertsiogile bakoitzari eskuetan izan ditzakeen eskubideen kopurua murriztea. Gainera, eskubideak sobran dituzten instalazioak gero eta uzkurrago daude haiek saltzeko, etorkizunean beharko dituztela pentsatuta —urte jakin batzuetan gorde daitezke—.
ZEIN DIRA ESKUBIDE GARESTIEN ONDORIOAK?
Herritarrek zuzenean igarri diete emisio eskubide garestiei, apirileko argindarraren fakturan, inoiz baino garestiago saldu baita. Hori, besteak beste, oraindik ere erregai fosilek argindar sorkuntzaren zati handi bat hartzen dutelako da.
Gas naturalaren prezio handiek ere izan dute eragina argindar garestiagoan. CO2 garestiagoaren ondorioetako bat, hain zuzen, hori da: berriztagarriek oraindik betetzen ez duten tokia, oraingoz, erregai fosilik garbienak hartzea, gas naturalak. Eta horrela emisio eskubideen lehen arrakasta gauzatu dela esan daiteke: erregai fosilik zikinenarekin, hots, ikatzarekin argindarra sortzea garestiegia da.
Karbono garestiago batek berekin ekarriko du hidrogeno berriztagarria erregai fosiletatik sortutakoa baino merkeagoa izatea, eta horrek erraztu egin beharko luke elektrifikatzeko zailak diren sektore ekonomikoak deskarbonizatzea.
EUROPARRAK BAKARRIK?
Europakoa izan zen lehen emisiorako truke sistema, baina Australian, Zeelanda Berrian, Japonian eta Kanadan ere badaude orain. Txinak, berriz, otsail honetan jarri du martxan bere sistema, isurpenen muga jarriz argindar konpainia handiei. 2.200 inguru dira, eta herrialdeen karbono isurien %30 eragiten dituzte.
KUTSATZEA, GERO ETA GARESTIAGO
Europan gero eta garestiagoa da CO2-a isurtzea argindarra sortzeko eta altzairua ekoizteko. Gainera, laster sektore asko ordaintzen hasiko dira berotegi gasak atmosferaratzeagatik, Batasuneko emisio trukerako sisteman sartzen direnean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu