Jokin Perona. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun zuzendaria

«Kultura aldaketa bat dakar, baina kontrolak onurak ditu denontzat»

Arreta denda eta tabernetan jarri bada ere, salmenta oro ikuskatzeko sistema diru trukea dagoen eremuetara zabaltzearen alde mintzo da. Etorkizunean kalean ere kontrolak egin beharko dituztela azaldu du.

GIPUZKAKO FORU ALDUNDIA / BERRIA.
Oihan Vitoria.
Donostia
2016ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Salmentak ikuskatzeko sistema indarrean jartzean «sentiberak» izango direla aitortu du Gipuzkoako Ogasun zuzendari Jokin Peronak (Orio, Gipuzkoa, 1978). Ostalari eta merkatariek jarrera positiboa agertu dutela azpimarratu du: «Kolaboratzeko prest dira».

Halako iruzurrak ez dira berriak. OCDEk urteak daramatza horiez abisatzen, baina ez du erantzun irmorik jaso. Zergatik orain bai?

Aspalditik dator gaia. Testuinguruak eta diru sarrera batzuk ez aitortzearen mehatxuaz ohartarazi ziguten hainbat gomendiok bultzatu gaituzte erabakia hartzera.

Tranpa gehiegi atzeman dituzue edo kontzientzia handitu da?

Apur bat denetik dago. Diru sarreren eta gastuen arteko orekari eusteko, ezinbestekoa da kontrolak egitea. Badakigu kultura aldaketa bat dakarrela, baina kontrol horrek onurak ditu bai ogasunarentzat eta baita saltokientzat ere.

Zelan funtzionatuko du sistema berriak? Terminalak egokitu ala softwarea berritu beharko da?

Zehazteko dugu. Zuzenean ogasunari lotutako moduluak erantsi dituzte toki batzuetan. Softwareak berritu dituztenak ere badira.

Dendariak berak pagatu beharko du gainkostu hori edo aparteko laguntzarik egongo al da?

Ikusiko dugu; goizegi da oraindik. Hori bai, nahiz eta sistema bat edo beste ezarri, gai honetan sentiberak izango garela ziurta dezaket.

Neurriak, oro har, baditu zenbait aurrekari Quebecen, Suedian, Belgikan eta Austrian. Zertan desberdinduko da hemengoa?

Hasiera fase batean gaude oraindik. Lehenbizi, eredu ezberdinak aztertzea, derrigortzeko eskumenak nork izango dituen zehaztea eta kronograma bat osatzea dagokigu aurten, ondoren software eta sistemaren xehetasunetan sakontzeko. Esperientzia horiexek eredu bakoitzaren abantailez eta desabantailez jabetzea ahalbidetuko digute ondorio sakonak atera eta gurera egokitzeko, betiere hemengo sarea kontuan hartuta.

Saltokietan eta tabernetan kontularitza eramateko sistemak modernizatu izanak zerga iruzurra areagotzen lagundu al du?

Betiko leloa da: teknologia onerako eta txarrerako. Ondo erabilita, iruzurra azaleratzea erraztu diezaguke, baina, beste erabilera bat emanez gero, kaltegarri ere bihur daiteke. Kontzientziazio lan interesgarria dago atzean, eta gizarteak zentzuz jokatu beharko luke: zenbat eta zuzenago egin gauzak, orduan eta ongizate maila altuagoa. Guztion onurarako izango da.

Dendak eta tabernak aipatzen dira kontrolatuko diren saltokien artean, baina badira tiketik ematen ez duten bestelako zerbitzuak ere: dentistak, masajistak eta podologoak, esaterako. Zer gertatuko da horiekin?

Pixkanaka. Hau ez dago mugatuta bi sektore horietara. Diru trukea eta jarduera ekonomikoa dagoen esparru guztietara hedatzea dugu helburu. Kaleko ikuskaritzak ere egin beharko direla pentsatzen dut, baina etorkizunean.

Aurreko gobernuaren ekimenez, 350 taxi gidarik terminal fiskala jarri zuten iaz ibilgailuetan, «gardenaren alde». Zertan da?

Martxa onean segitzen du urtebeteren ondoren, eta gehiago zabaltzeko aukera ez dago itxita. Esperientzia hori erabiliko dugu kutxa erregistratzaileez egiten ari garen gogoetarako. Sistema horrek aurrera egitekotan, hor txertatu beharko genituzke terminal horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.