PERTSONAIA. Mikel Urmeneta

Kukusoak salto egin du

Iker Aranburu.
2016ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Fundatzailerik gabe geratu da Kukuxumusu. Iruñeko diseinu enpresa horretan geratzen zen sortzaile bakarrak, Mikel Urmenetak, Kukuxumusutik «baztertu» egin dutela iragarri zuen atzo. Bere proiektu ezagunari izena eman dion intsektuak bezala, bizkor egin du salto: enpresa proiektu berria iragarriko du gaur, Kukuxumusurentzat marrazkilari freelance gisa aritzen ziren beste lau «historikorekin»: Mikelen anaia Asisko Urmeneta, Txema Sanz, Belatz eta MKO. 2016ko sanferminetarako prestatu duten lehen marrazkia aurkeztuko dute, Erraldoien eta Kilikien Konpartsako ordezkariekin batera.

Urmenetak duela 27 urte sortu zuen Kukuxumusu, Koldo Aiestaranekin eta Gonzalo Dominguez de Bidaurretarekin batera. Australiara egindako bidaia batean ikusi zuten oroigarri dendetan marrazkilariek beraiek egiten zituztela elastikoen irudiak, eta Iruñean entzierroei eta zezenei buruzko ohiko elastikoei astindua ematea erabaki zuten. Urmenetak marraztutako Testis zezen eta behi adar jotzaileek arrakasta handia izan zuten, eta haren atzetik iritsi ziren Belorzia ardia, Wolf otsoa, Txanogorritxu... Elastikoak ez ezik, gaur egun katiluak, galtzontzillo eta kuleroak, telefonoetarako estalkiak, petakak, aterkiak eta umorezko marrazki bat eraman dezakeen edozein euskarri edo publizitate kanpaina egiten du Kukuxumusuk.

1996an zabaldu zuten lehen denda, Iruñean bertan, eta geroago etorri ziren beste hemezortzi, Euskal Herrian lehenik, eta kanpoan gero. Hiru lagunen burutazioa zena —kondaira ofizialak dioenez, sanferminetan edan behar zituzten kalimotxoak finantzatzeko— ehundik gora langileko enpresa bihurtu zen. Baina krisia etorri zen, elastikoen salmenta amildu zen, eta galerak pilatu zituen enpresak. Kaleratzeak, soldata jaitsierak eta denda itxierak etorri ziren. Berregituraketa kalapitatsua izan zen, eta enpresaren jokaera gogorra salatu zuten kaleratutako langile askok. Gaur egun, lau saltoki propio ditu —bi Iruñean eta bana Donostian eta Baionan—, eta oroigarri eta elastiko dendetan saltzen ditu bere produktuak.

2014eko otsailean, Aiestaran eta Dominguez de Bidaurreta enpresatik atera ziren, eta Ricardo Bermejoren Bermer & Co diseinu eta komunikazio enpresak hartu zuen haien tokia. Urmeneta geratu egin zen, akzioen herenekin. Atzo arte. Hedabideetara zabaldutako oharrean, enpresatik «kanporatu» egin dutela salatu du Urmenetak. «Erabaki harrigarria da, 27 urtez bertako arte zuzendari eta markaren DNA» izan delako.

Beste agiri baten bidez erantzun du Kukuxumusuk. Kaleratu dutela gezurtatu du, baina haserre azaldu da markaren «aurpegirik mediatikoena eta gehien ikusi dena» izan denarekin: «Mikel Urmenetak ez du ulertu nahi izan enpresa, langileak eta marka bere pertsona baino inportanteagoak direla». Urmenetak oraindik akzioen %33,3 dituela ziurtatu du enpresak, eta hark bere kabuz hartu zuela Kukuxumusuren «eguneroko jarduna uzteko erabakia». Enpresak azaldutakoaren arabera, Urmenetaren kontratua negoziatu nahi izan dute, baina marrazkilariak uko egin dio, «enpresari kaltea ekarri badio ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.